Gaurko egunez, 1931. urtean, Guardia Zibilak zazpi grebalari tiroz hil zituen Ategorrietan (Donostia), eta beste 33 zauritu zituen. Kontseilu Sozialista Donostiak ekitaldi politikoa egingo du, 19:00etan.
Gaur, maiatzaren 27an, 91 urte bete dira Ategorrietako sarraskitik. 1931. urtean, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta gutxira, greban zeuden Pasaiako arrantzaleak, eta maiatzaren 27an, Trintxerpetik Donostiako Erdigunera martxa antolatu zuten. Mirakruz gainean, militarrek pasatzen utzi zieten langileei, baina Ategorrietan Guardia Zibilak zeudela ohartarazi zieten.
Ategorrietara iristean, Guardia Zibila tiroka hasi zen, eta zazpi grebalari hil eta beste 33 zauritu zituen. Greba egun horretan 3.000 pertsona baino gehiago batu ziren arrantzaleen mobilizazioetara. Kontseilu Sozialista Donostiak gertakarien inguruko liburuxka argitaratu du Gedar Langile Kazetan, esteka honetan irakurgarri.
Ekitaldi politikoa
Kontseilu Sozialista Donostiak ekitaldi politikoa egingo du maiatzaren 27an bertan, 19:00etan Ategorrietako erlojuan. Haien esanetan, gertakari hauen "erabilera folkloriko eta obrerista" salatu behar dela diote, eta halako prozesu historikoen irakurketa politikoa egitearen beharra nabarmendu dute.