Auto baten barruan agertu da 44 urteko emakume gasteiztarraren hilotza, Miranda de Ebron, Burgosen. Arma zuriz eginiko indarkeria zantzuak zituen. Ikertzaileek indarkeria matxistarekin lotu dute hilketa, izan ere, emakumea senarrarengandik banatzen ari zen. Urriaren 3ko arratsaldean atxilotu dute gizona, Gasteizko Mercedes lantegian.
Emakumeak 15 eta 18 urteko bi seme-alaba zituen eta Lantaronen bizi zen (Araba). Sekretupean jarri dute auzia.
Hilketa gaitzesteko, Bilgune Feministak urriaren 5erako deitu ditu mobilizazioak. Azken hiru astetan indarkeria matxistagatik hildako hirugarren emakumea da Euskal Herrian.
Hala Bedi Irratiak jakinarazi duenez, eragile feminista ugarik mobilizazioetara adi egoteko deia luzatzen hasi dira. Eraildako emakumeak Ribabellosako eskolan egiten zuen lan; hori dela, urriaren 4an, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan.
Miranda de Ebron ere, urriaren 4an bertan elkarretaratzea egingo dute: “Grupo Feminista Mujeres en la Calle” taldeak antolatuta, 20:00etan Estación kalean elkarretaratzea
Matxismoak ez du etenik
Indarkeria matxistagatik hildako emakumeen kopuruak goranzko norabidean jarraitzen du: Euskal Herrian zazpi emakume eta haur bat hil dituzte urte hasieratik.
Elkarretaratzeak egin dituzte asteon Euskal Herrian azken asteetako eraso zein indarkeria kasuak kondenatzeko. Atzo, urriaren 3an, jakin zen 19 urteko gizonezko bat atxilotu zutela Errenterian bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta.
Bezperan, hainbat herritan elkarretaratzeak izan ziren Sestaon izandako Noemi Noeliaren hilketa salatzeko: pasa den ostegunean hil zuen bikotekideak eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen.
Bestalde, irailaren erdialdean, Melodie Masse 23 urteko emakumea hil zuten Uztaritzen, bortizki eraso egin eta bortxatu ostean. Emakumea haurdun zegoen, zortzigarren hilabetetan, eta umekiak ere bizia galdu zuen.