argia.eus
INPRIMATU
Zazpi emakume hil dira Melillako kostan Guardia Zibilak euren ontzia blokeatu ostean
  • Abuztuaren 31n Melillako kostatik metro gutxira zegoen patera gelditu zuen Guardia Zibilak eta bertan ziren 45 pertsonetatik hamahiruk itsasora salto egin zuten kostara iritsiz. Marokoko polizia ontzian zeuden gainontzekoak beren jatorrizko herrialdeetara itzultzen ari zela, istripua izan zen eta bertan ito ziren zazpi emakumeak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 05

Helena Maleno kazetari eta ekintzaileak egin zuen berria publiko bere twitter kontuan. Nadorreko (Maroko) Hassani ospitaleko gorputegian topatu dituzte bost emakume eta beste bien gorpuak ez dituzte oraindik aurkitu. Biktimetatik bost Kongoko Errepublika Demokratikokoak ziren eta beste bi Ginea Konakrykoak.

 

Espainiako Gobernuak Melillan duen ordezkaritzak ez du inongo azalpenik eman, gertakariak Marokoko uretan gertatu zirelako. Unidos Podemosek eta Compromísek Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroari azalpenak eman ditzan eskatu diote.

Espainiako Estatuko Abokatutza Kontseilu Nagusiak eskatu du pertsona migratzailea unean bertan itzul arazteko egiten den praktika, zaurgarriak diren egoerak ezin direlako identifikatu: adingabeak, iheslari politikoak edo bestelako biktimak, esaterako.