argia.eus
INPRIMATU
“Zarramarra” irratsaio umoretsua estreinatuko dute Oñatin hilaren 5ean
  • "Umore oñatiarra, herrittik herrixantzat sortua", diote irratsaioaren Twitter kontuan. "Aitta ta ama primuak euki arren, beste hainbat misterixo badittugu, eta horreik argiketara etorriko gara!".

Iñigo Igartua @igartua19 2020ko ekainaren 03a
Oñatiko kultur, gizarte eta kirol eragileak izango ditu jopuntuan Zarramarra irratsaioak.

Aste honetan hasita ostiralero, 15:30etik aurrera, Zarramarra programaren saio berria izango da entzungai Youtube, Ivoox eta Spotify kanaletan. Halaber, Twitter eta Instagram kontuetan programaren inguruko albiste eta eduki bereziak zintzilikatuko dituzte.

Umorea sortu eta zabaldu asmoz, Oñatiren inguruan egun mantentzen diren topiko edo esaera desberdinei erantzunak ematen saiatuko da herritar talde bat. Saio bakoitzak 40 minutu inguruko iraupena izango du, eta gonbidatu "saltsero" desberdin batek parte hartuko du atal bakoitzean. Lehenengoan, esaterako, Aratz Losada Oñati Irratiko esataria izango da protagonista. Datozen asteetan Antton Telleria telebista aurkezle eta irrati esataria, edo Iñigo Ugarte musikari oñatiarra gonbidatuko dituzte, besteak beste.

Plazaratutako oharrean diotenez, "Oñati herria Gipuzkoa lurraldeko herririk handiena da eta, gainera, Euskal Herriko inperioan sartzen azkena. Hor hasi zen guztia, Euskal Herrian sartu ginenean: Arrasatekoek eta Bergarakoek Elorregi (San Prudentzio) auzoa zeharkatu zuten, Legazpiarrek gure herria zapaldu zuten… eta bertakoa ikusi eta topikoak sortu zituzten, gainontzeko herrietara zabalduz. Ohikoenak “Aitta eta Ama primuak” eta “Kuba-txiki”dira". Horiek eta beste hainbat izango dituzte hizpide irratsaioan. Oharraren bukaeran, abisua: "Guk ez dugu Aloña Mendi goratzen, eta ez, gure umoreak ez du limiterik".

Zuzenekoak helburu

Hamabi lagunek osaturiko taldeak pasa den azaroan jarri zuen abian Zarramarra proiektua. COVID-19ak eragindako ezohiko osasun egoera honetara moldatu eta jendeak programaren esentziaren berri izateko hainbat irratsaio zintzilikatuko dituzten arren, jendaurrean aritzea da euren asmoa.

Zuzeneko lehenengo emankizuna aurtengo azarorako dute aurreikusita; hala ere, bizi dugun egoeraren eboluzioaren arabera hartuko dute behin-betiko erabakia.