argia.eus
INPRIMATU
“Zaretelako, gara”: zaintzaz arduratzen diren emakumeen bizipenak
  • Batzuetan, "aukeratu gabe eta bat-batean etortzen da" menpeko pertsona zaindu beharra, aipatzen du proiektuan parte hartu duen emakume batek; amaz arduratzeko bere bizitza-proiektua alboratu du beste batek; zahar egoitzan amona penaz hiltzen uzten ari direla dio hirugarren batek... Esperientzia ugari bildu ditu Antxeta irratiaren "Zaretelako, gara" proiektuak. Argi dute elkarrizketatuek: zaintzari ez zaio koste kuantitatiborik jartzen emakume hauek egiten dutena "ordainezina delako, sostengaezina, zaintza gaur egun planteatuta dagoen moduan".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko azaroaren 17a

“Zaindu zaintzailea”

Ez da kasualitatea, lan guztiz feminizatua da zaintzarena, eta bizitza eta zaintza erdigunean jarri behar direla errepikatzen dugun garaiotan, nagusiki emakumeen gain jarraitzen du zamak. “Bizitza erdigunean jartzea esaten denean, zein motako bizitzaz ari gara? Zein eredu sustatzen da?”, dio proiektuak. Horregatik, zaintzailea zaindu behar dela azpimarratu dute zaintzaile taldeak dinamizatzen dituzten eta proiektuan parte hartu duten kideek: “Zaintzaileari erakutsi behar zaio bere burua zaintzen”.

Hala azaldu digu Aitziber Zapirain Antxeta irratiko esatari eta proiektuaren arduradunetako batek. Esanguratsua iruditu zaio baita ere Irene Colon elkarrizketatuak kontatzen duena: amona zahar egoitzan du eta kexu da pandemia garaiotan adinekoak penaz hiltzen uzten ari direlako egoitzetan; nahiago du amona lehenago hil arren bere alboan egon ahal izatea, bakardade sentsazioarekin hiltzea baino.

Esperientzia gogorra da zaintza, baina bestelako gogoetetarako aukera ere ematen du. Kontxi Lopezek kontatu du “gizonek iskin egin diotela zaintzaren ardurari eta hein batean galtzen ari direla harreman eta goxotasun bat”.

Zaintza, etapa guztietan presente

Funtsean, zaintzaz hitz egitea eta eztabaidatzea da proiektu honen helburua, premia egoeratan baino ez dugulako gaia gizarteratzen, “baina bizitzako etapa guztietan behar dugu jendea zaindu: haurrak, gurasoak, lagunak, ingurukoak…”, dio Zapirainek.

Proiektuaren webgunean entzun ditzakezue elkarrizketak.