Ostegunetik ostiralerako gauean sartu ziren Putzuzulora, eta besteak beste, Kontseilu Sozialista Urola Kostaren, Gazte Koordinadora Sozialistaren nahiz Ikasle Abertzaleaken materiala hondatu zuten.
Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulo gaztetxeak atzo azaldu zuenez, ostegunetik ostiralerako gauean, espaziora sartu zen nor edo nor. "Ez da lapurreta bat izan", azaldu zuten gaztetxeko kideek; barruan zeuden hainbat material hankaz gora jarri eta, zehazki, Mugimendu Sozialistaren materiala hondatu nahiz gaztetxe kanpora atera zuten.
Besteak beste, Kontseilu Sozialista Urola Kostaren eta Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistaren zenbait pankarta atera eta kokatu zituzten eraikin kanpoan, eta Ikasle Abertzaleaken nahiz Gazte Koordinadora Sozialistaren kartelekin ere berdina egin zuten. Putzuzulok egindako hainbat kamiseta ere atera zituzten kanpora.
Putzuzuloko kideen esanetan, hau ez da gaztetxera sartzen diren aurreneko aldia, eta jakinarazi du ez dutela "ez gaztetxearen aurkako ez eta bertan antolatzen diren eragileen aurkako erasorik onartuko".
? PUTZUZULORI ERASO EGIN DIOTE BART
Gaztetxera indarrez sartu ziren atzo gauean. Ez da lapurreta bat izan; barruan zegoen materiala hankaz gora jarri, hainbat eragileren materiala hondatu eta Gaztetxe kanpora atera dute. pic.twitter.com/o8mZvr5b8k
— Putzuzulo Gaztetxia (@PutzuzuloGtx) July 15, 2021