Iragarrita zegoen uda honetan lehenago edo beranduago Zarauzko Putzuzulo gaztetxearen eraikina eraitsiko zutela. Aste honetan hasi dira hormak botatzen eta hezurdura baizik ez da geratzen ia. Gaztetxe berria atontzen ari dira dagoeneko beste kokaleku batean.
2005eko urrian okupatu zuten Lizundia oihal fabrika zaharra, bertan Putzuzulo Amets Fabrika eratzeko. Urte luzez ekimen ugariren aterpe eta etxe izan ostean, baina, eraiste arriskuan zegoen azken urteotan. Izan ere, Zarauzko alkateak 2019ko uztailean sinatu zuen gaztetxearen eraikina botatzeko baimena. Auzo horretan etxebizitzak eraikitzen hastekoak ziren, eta inguruko eraikin asko bota zituzten orduan, gaztetxea hondakin artean utziz.
Heldu da. Urte luzez izan dugu gainean Putzuzuloren eraisketaren mehatxua, eta geure egin dugun etxe barruraino sartu dituzte jada makinak, pixkanaka-pixkanaka, guztia botatzeko. Hamaika proiektu, eragile eta pertsona elkartzeko aterpe izan dena eraisten ari dira jada pic.twitter.com/aOqhCSonER
— Putzuzulo Gaztetxia (@PutzuzuloGtx) August 18, 2022
Egoera horretan gaztetxeko kideek kanpaina bat abiatu zuten gaztetxearen egoera plazaratu eta udalari Zarautzek gaztetxe bat behar zuela adierazteko. Borroka horren fruitua izan da gaztetxe bat bermatzeko moduko espazioa ziurtatzea, orain atontzen ari diren gaztetxe berria. “Geure egin dugun etxe barruraino sartu dituzte jada makinak”, adierazi dute gaztetxeko kideek sare sozialetan. “Hamaika proiektu, eragile eta pertsona elkartzeko aterpe izan dena eraisten ari dira jada. Urte hauetan guztietan egindako lana, ordea, ez da ezerezean geratuko”.
Azken urtean Putzuzulori egindako eskertzak eta keinuak ugariak izan dira. Uztailaren 17an egin zuen, esaterako, gaztetxean sortutako eta bertatik emititzen zen Arraio Irratiak bertatik egindako azken irratsaioa, zuzenean.
Putzuzulo gaztetxearen eraikinaren egungo egoera erakusten duen bideoa egin du herritar batek: