Zarautzeko hainbat kaleren izenak 1979an eginiko proposamen batetik datoz. Beste herri askotan bezala, lehen udal gobernu demokratikoak 40 urtez frankismoak inposaturiko izendegia aldatzeari ekin zion.
Urtzi Odriozolak sare sozialetan eman du dokumentuen berri. Herriko ia kale guztiak frankismoari gorazarre egiteko izena zutela ikusten da agirietan, eta nola orduko udal taldearen ekimenez, euskarazko izenengatik ordezkatzeko proposamena egiten den.
“Kale izen zerrenda hau 1979ko azaroaren 12ko Udal Batzarrak probisionalki, horretarako izendatu zen komisioaren proposamena baieztatu du”, dio dokumentuak lehen lerroetan. Behin-behineko proposamenarekin herritarren bat ez balitz ados egongo, abenduaren 9a arteko epea eman zitzaien kexak posta bidez bidaltzeko. Behin betiko zerrenda abenduaren 17an onartuko zela dio dokumentuak.
Hala, "Plaza de España" izena zuenak "Musika Plaza" izatera igaro zen, "Primo de Rivera" kalea "Zigordia" kalea bilakatu zen, "Generalísimo" etorbidea, berriz, "Gipuzkoa" kalea. Beste kale batek "Calvo Sotelo" zuen izena, azken gobernu frankistako agintaria eta ondoren Espainiako Presidente izango zena, "Ipar kalea" jarri zioten.