Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo egin zela, hortaz. Errekurtsoa ipintzeko epea zabaldu dute.
Aiako Udalaren lurrak diren arren, Zarauztik bete-betean ikusten den etxe bat da auziaren erdian dagoena, hamaika logela, beste hainbeste bainugela eta sukalde industriala dituena. Zarauzko EAJko zinegotzi ohi baten familiarena da eta Zarautz eta Orio arteko Talaimendi lur-eremu babestuan dago kokatuta.
Gipuzkoako Aire Federazioak duela hamar urte ipini zuen lehen salaketa, parapentean aritzen direnek presio eginda, haiek erabiltzen zuten natur-eremu zatia hesitu egin zutelako, eta, itxura zuenez, obra legez kanpokoa izan zitekeelako. Orain, Azpeitiko epaitegiak eta Donostiakoak esandakoaren kontrara, EAEko Auzitegi Nagusiak zera dio: eraikina eraitsi eta lurrak lehengoratu egin behar direla, prozedura legez kanpokoa izan zelako, eta Aiako Udala zigortzeko bidea abiatuko duela, baimenak bidegabe emateagatik. Hala jakinarazi du administrazio auziekiko bigarren aretoak, Juan Carlos da Silva, Ángel Ruiz eta Irene Rodríguez magistratuen tribunalak.
Legez kanpoko prozedura
Amezti baserria legez "berreraiki" egin zen ala ez, horixe dago auziaren oinarrian. Baserriaren jabea, Garrastazu familia, hamaika anai-arrebaz osaturikoa sendia da, eta horietako bat da Maite Garrastazu, Aiako Udalaren obra lizentziak eskuratu eta eraikuntza egin zenean Zarauzko Udaleko hirigintza eta obra zinegotzia zena. Bi udal gobernuak, gaur egun bezalaxe, EAJrenak ziren. Alderdi beraren barruan irregulartasunak egon zirela salatu zuen Gipuzkoako Aire Federazioak duela hamar urte, baina Azpeitiko instrukzio epaitegiak esan zuen ezin zela halakorik frogatu.
Baserria eremu babestuan kokatzen zenez, Aiako Udalaren urbanizazio legeen arabera, eraikina eraberritu edo gehien jota berreraiki egin daiteke –egoera kaskarrean aurkitzen dela frogatzen bada–, baina betiere jatorrizko eraikinaren 50 metroko erradioan. Eta, berreraikitzen bada, eraikin berriak antzerako neurriak mantentzeko agintzen du Jaurlaritzaren araudiak. Legedia hautsi zela dio EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak.
Gipuzkoako Aire Federazioak denuntzian jaso zuenez, 183 metro karratu zituen baserriak eta 469 eraikin berriak; eta 50 metroko erradioan egin beharrean, jatorrizkotik gutxienez 200 metrora kokatzen da eraikina. Aiako Udalak bere garaian argudiatu zuen, hamaika logela eta beste hainbeste bainugela edukitzearena, "familiaren ezohiko konposizioagatik" zela.
Etxebizitza baino, eraikitzen ari zirena "hotela" zela salatu izan du parapente zaleek bultzaturiko SOS Talaimendi plataformak. Urteotan ez zaio, ordea, erabilera turistikorik eman; ez da halakorik frogatu.
Traba luzeak izan dira epaitegietan. Epailez eta instrukzioz aldatu da, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin ez da bidea amaitu; errekurtsoa jartzeko epea zabaldu zaie Garrastazu familiari eta Aiako Udalari.
Azken bost urteak isilak izan dira epaitegietan. Azkenekoz 2019ko abenduan artxibatu zuen kasua Gipuzkoako hirugarren epaile batek behin-behinean, aurreko epaileak egindako hanka-sartzeak behartuta.
Kasua sakon aztertu genuen erreportaje honetan, 2020ko maiatzean: