argia.eus
INPRIMATU
Zarautz, ostalariak eta ‘Los 40 summer live’
  • Turismo masifikatuaz gain, gauza oso gutxi partekatzen dute Ceuta, Marbella, Motril, Manga del Mar Menor, Mallorca, Tossa de Mar eta Zarautzek. Bat  da, bertako agintariek erabaki dutela uda hontarako itzela litzatekeela 40 Principalesen zirkoa herrira ekartzea. Ondo entzun duzu, Zarauzko Udalak eta Zurekin ostalaritza elkarteak sustatuta, 40 Principales irrati katearen ‘Los 40 summer live‘ musika jaialdia egingo da abuztuaren 6an Zarauzko malekoian. Zarauztar eta kultur eragile gisa zenbait hausnarketa eta galdera otu zaizkit.

Zuzeu Oier Aranzabal @oaranzabal 2017ko abuztuaren 02a
Ostalarientzat

Ohituak gaude kultur jaialdien inpaktua ostalarien irabazietan neurtuta irakurtzera, baina beste gauza bat da “kultur jaialdiak” ostalariengan pentsatzen, ad hoc diseinatzea. Zarauzko Udalak kultur politikak, kultur eragile eta sortzaileentzat baino, ostalarientzat diseinatzen ditu.

40 Principales?

Euskal Herrian Euskal Irrati Telebista izeneko erakunde publiko bat dugu, zeinak bere baitan hainbat telebista eta irratik kate baitituen. Berau sortzearen arrazoi nagusienetarikoa, euskal erreferenteak indartzea izan zen. “Euskararen normalkuntza eta bizirauterako oinarrizko tresna” bihurtuz, Garaikoetxea lehendakariaren esanetan. Irrati-formula eredua maite ez badut ere, EiTBren baitan, badugu Gaztea izeneko irrati bat: publikoa, euskaraz egina eta 40 Principalesen lehiakide zuzen zuzena dena. Baina berdin dio, ezta?

Euskara?

Jaialdian euskara erabiltzeko eskatu diezue antolatzaileei? Ceutan edo Marbellan erabili dituzten aflixa berak erabiliko dituzte? Eskatu al diezue euskal talderik (Zarauzkorik) egitarauan sartzeko? Erantzuna garbi dago: Ez. Bistan da, ‘Los 40 summer live’ gaztelania hutsean egingo dela, ‘Los 40 summer live’ erreferente espainiarrekin, espainiarrek eta espainiarrentzat egindako jaialdi bat delako.

 

 

 

Albisteok irakurrita atsekabea sartzen zait. Zarautzen dauzkagun ekimen kultural andana edukita, Udalak, ostalarien bedeinkuarekin, 40 Principalesi ematen diolako jaialdi bat egiteko ardura. Atsekabea, kultur politikak tabernariekin eztabaidatzen direlako, kultur eragileekin baino. Parte hartze politiketatik aldebakarreko erabaki zentzugabeetara igaro garelako, haserrea. Kultura gentrifikatzen dutelako horrela. Sortzaileok, kulturgileok, biziraungo badugu kañak ateratzen hasi beharko dugu, zona saturatuaren erdigunean.

 

 

 

Artikulu hau Zuzeuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.