"Hitzetatik ekintzetara" igarotzea exijitu die Memoria Gara ekimenak instituzio publikoei. Zaramagako San Frantzizko elizan Giza Eskubideen eta Memoriaren zentroa eraikitzeko neurriak hartzea eskatu dute Katedral Berriaren aurrean prestatu duten "M3 PHOTO" erakusketaren harira egin duten agerraldian (abenduak 14). Otsailean proiektuan sakontzeko jardunaldiak egingo dituzte.
1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren eta hildako bost langileei egindako hileta jendetsuaren argazkiak biltzen dituen erakusketa antolatu du gaur (abenduak 14) “Memoria Gara” ekimenak Gasteizko Katedral Berriaren aurrean. 12:00etan zabaldu ditu ateak erakusketak eta irekierarekin bat eginez Josu Santamaria historialari eta Memoria Gara ekimeneko kideak adierazpenak egin ditu, erakunde publikoei Zaramagako San Frantzizko eliza Memoriaren eta Giza Eskubideen zentro bilakatzeko proiektuari bultzada eman diezaioten eskatzeko.
Duela urtebete baino gehiago abiatu zuten Memoria Gara ekimena Zaramagako San Frantzizko eliza Gasteizko memoriaren sinbolo bezala kontserbatzeko helburuarekin. Ordutik instituzio publikoekin elkartu dira proiektua aurkezteko, hala nola, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Gogora Institutua. Santamariak azaldu duen bezala ekimenak oso harrera ona jaso du lehenengo momentutik baina proiektua bere horretan geratzeko “beldurra” adierazi dute Memoria Garako kideek eta erakundeei “hitzetatik ekintzetara” igarotzea eskatu diete eta proiektua egikaritzeko erabakia hartzeko eskatu dute.
Zaramagako Elizak hartuko duen proiektuan sakontzeko bidean jardunaldiak antolatuko ditu Memoria Gara ekimenak otsailean zehar. Ekimenaren kontu estrategikoez, elizak behar duen esku-hartze arkitektoniko eta artistikoaz eta zentroak izango duen kudeaketa ereduaz mintzatuko dira jardunaldi horietan. Aurretik hiru tailer ireki burutuko dituzte urtarrilean, herritarrek jardunaldietan landuko diren gaien inguruan duten iritzia plazaratu dezaten.