"Zarako langileok borrokan!" oihuek hartu dute Donostiako San Martin plaza asteazken goizean. ELA sindikatuak deituta, protesta abiatu dute lan baldintza prekarioen aurka bertako langile ugarik. Inditex enpresak ez dituela lan baldintzak hobetu nahi salatu dute. Jabea Amancio Ortega da, munduko seigarren pertsonarik aberatsena Forbes zerrendaren arabera.
"Enpresari hobekuntzak eskatu genizkien ondorengo sektoreetan: oporrak, lanaldia, ordutegia, larunbat libreak, norbere gauzetarako eguna eta antzinatasuna. Eskakizun horiei guztiei ezezko borobila eman zien enpresak. ELAtik argi daukagu eginiko proposamenak Zara bezalako enpresa handi eta boteretsu bati ez diotela apenas esfortzurik eskatzen, eta ez dugu ulertzen egoeraren aurrean enpresa izaten ari den jarrera", salatu dute sindikatutik.
#Zara-ko langileak borrokan Donostian. Inditex gisako enpresa erraldoi batek langileen lan baldintzak erraz hobetu ditzakeela uste dute. Gipuzkoan Zarak 300 langile ditu, ia gehiengoa emakumeak. pic.twitter.com/y5bbSUp1Kz
— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) 2018(e)ko martxoak 7
300 langile ditu Zarak Gipuzkoan, gehienak emakumeak eta gehienak 15 eta 25 ordu bitarteko aldi baterako lanaldiekin ari dira. "Langile askok eta askok arazoak dituzte euren eguneroko gastuei aurre egiteko, kontziliazio erreal bat izateko eta euren oporrak antolatzeko, besteak beste".
ELAko Maddi Azpiazuk azaldu dizkigu protestaren nondik norakoak.
Maddi Azpiazuk (ELA) azaldu dizkigu langileen arrazoiak protestarako.#ZARAborrokan pic.twitter.com/6tY0UM7n7u
— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) 2018(e)ko martxoak 7
Ezohiko irudia eman dute Zarako langileen protestari bizkarra ematera atera direnek. Hamar bat izan dira protestaren atzean geratu direnak beren desadostasuna erakutsiz. "Lotsagabeak, emazue buelta" oihu egin diete protestariek. "Hor ikusten dira klaseak", gisako komentarioak ere egin dituzte. Protestari bizkar eman dioten langileek besteek baino gehiago kobratzen dute. "Pasatzen ari zarete, zuek baino egoera okerragoan daudenak babestu behar zenituzkete", bota die langile batek aurpegira.
#Zara-n protesta abiatu duten langileak haserretu egin ditu 10 langile atera eta protestari bizkarra ematen jarri direnean. Beraiek baino egoera okerragoan dauden langileak babestu behar lituzketela aurpegiratu diete. @argia#ZARAborrokan #Inditex #Donostia pic.twitter.com/xxnlUaWLVQ
— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) 2018(e)ko martxoak 7
Ez da ohikoa, baina ezta lehen aldia ere Zarako langileek protesta egiten dutena lan baldintzak hobetzeko eskatuz. Turkiako langileek beren lan baldintza gogorrak salatuz mezuak josi izan dituzte Zara eta Mango dendetarako eginiko jantzietan. Multinazionalak New Yorken duen dendako langileek "Change Zara" protestak egin zituzten 2015ean eta lanaldi hobeak lortu zituzten. Inditexek soldatak hobetu eta lanaldi osoak eskaini behar izan zituen.
Hemen protestekin hasi ziren garaiko bideo bat, hobekuntzak irabazi baino hainbat hilabete lehenago. Sinadura kanpaina bat ere abiatu zuten beren kasua azaleratzeko.
Pontevedran (Galizia) Inditexena den Bershka dendako langileek bederatzi eguneko greba egin zuten eta enpresak beren eskariak bete zituen. Galiziako denda guztietan soldatak igo zituen Inditexek "Bershka efektua" gisa ezagun egin zen jokaldian. Sindikatuek pozik adierazi zuten protestak bere denda guztietara zabaltzeko beldur dela multinazionala. "Eskubideak borroka eginez lortzen dira" izenburuko bideo hau ere egin zuten lan borrokaren ondorioak sozializatu asmoz.