argia.eus
INPRIMATU
Aizpurgiko presa
Zaraitzutik Esara ura eramateko proiektuaren arriskuaz ohartarazi dute
  • Esako handitze lanek ez dituzte soilik urtegian behera euren segurtasuna ezbaian ikusten duten herritarrak kezkatzen, goiko bailaretan ere eragin kaltegarria izan dezakete.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko maiatzaren 24a
Otsagabiatik Arbaiungo arroila arte (irudian) Zaraitzu ibaia babestua dagoela gogorarazi dute (arg: Turismo de Navarra)

Urbizi ibaien aldeko nafar plataformak ohartarazi du Aizpurgi herrian presa bat egin eta Zaraitzu ibaiko emaria Esako urtegi erraldoira bideratzeko garai bateko proiektua oraindik mahai gainean duela Ebroko Konfederazio Hidrogafikoak (CHE). Ur hori beharrezkoa lukete handitze proiektua justifikatzeko, gaur egun Aragoi eta Ezka ibaietatik jasotzen den kopuruarekin ezinezkoa baitute halako tamainako urtegia betetzea.

Fito Jimenez ingeniari eta ekintzaile nafar ezaguna eta Urbiziko kidea, Aizpurgin izan zen duela gutxi, herritarrei ohartarazten proiektuak zein kalte ekarriko dituen Zaraitzura. Mendixut aldizkariak hilabete honetan argitaraturiko elkarrizketan azaldu du “alarmak” 2016an jo zuela, CHE-ko teknikari batek bilera batean esan baitzuen “Esako handitzearen ondoren Zaraitzu ibaiko erregulazioa etorriko zela”. Nafarroako ingeniarien kolegioak iaz antolaturiko hitzaldi batean ere gauza bera baieztatu zen.

Proiektuak 1977an du jatorria, behinola Itoizen urtegia eraikitzeko burutazioa eduki zuten azterketa berean. Hamar urte geroago 9 metro garaierako presa egitea proposatu zuten. Egitasmo horixe da orain hango herritarrek zintzurrean dutena.

Urbiziko kideek diotenez, egun indarrean dagoen Ebro arroko plan hidrologikoak Aizpurgitik Esara ura eramateko proiektuaren bideragarritasun azterketa jasotzen du: “Eta guk uste genuen oroitzapenen kutxan zegoela...”, azaldu dio Jimenezek aldizkari piriniarrari.

10 kilometroko kanala Leire azpian

Proiektuak 1977an du jatorria, behinola Itoizen urtegia eraikitzeko burutazioa eduki zuten azterketa berean. Hamar urte geroago Obras Públicas Navarra S.A enpresa publikoak bideragarritasun plana egin zuen Aizpurgi eta Nabaskozeko almiradioaren inguruan urtegia egiteko, baina azkenean 9 metro garaierako presa egitea proposatu zuen. Egitasmo horixe da orain hango herritarrek zintzurrean dutena.

Presa horretatik hasita Leire mendizerra zeharkatuko duen 10 kilometroko tunel eta kanalaren bidez Esara 170 Hm3 ur eramatea da asmoa, Zaraitzu ibaiak urtean batez beste duen emariaren ia bi heren lirateke, horrek lekarkeen kalte ekologikoarekin.

“Arazoa da Esa handituz geroztik ezin izango dutela urtero bete, Aragoi eta Ezkako ura eskasegia da hitz emandakoa asetzeko”, dio ingeniariak. Euren taldekide Charo Brinquis ingurumen agenteak egindako ikerketa batek ondorioztatu du Bardeetako eta Zaragozako nekazaritza guneak ureztatzeko mila hektometro kubotik gora ur bideratu beharko liratekeela Esatik, bada Aragoi eta Ezka ibaien emaria ez litzateke nahikoa horretarako, are gutxiago klima aldaketa eta mendi-larreen abandonuak kontuan edukita.

Esako urtegiaren handitzearekin, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eman dezakeena baino ur gehiago eskaini duela uste dute adituek (arg: CHE Ebro)

Zaraitzuko urak irentsiko dituen negozioa

Esako handitze lanetan dago arazoaren sorburua: “Ez hanka ez bururik ez duen proiektua da. Daukatena baino ur gehiago hitz eman dute, presaren mendi hegaletako segurtasun falta ezkutatu, eta orain hori onartuta, segurtasuna negozio milioidun bihurtu nahi dute enpresa eraikitzaileentzat. Dirua irensten jarraitzen duen zakua da, eta seguruenik berekin irentsiko ditu Zaraitzuko urak”.

Aizpurgiko proiektua geratzeko informazioa biltzen ari dira Urbizi taldekoak, eta gogorarazi dute Zaraitzu ibaiak Otsagabiatik Arbaiungo arroila ikusgarrira arte babes berezia duela; ezin da beraz arroaren morfologia aldatuko lukeen inolako jarduerarik egin: “Nahiago genuke erratuta bageunde, baina iniziatiba hartu behar dugu, ez gaitzaten ustekabean harrapatu”.