argia.eus
INPRIMATU
Zaraitzuko urak Esara eramateko proiektua bertan behera utzi dute
  • Nafarroako Pirinioetako Aizpurgi herrian presa bat eraiki eta lur azpiko kanal baten bidez ura Esa urtegira eramateko proiektua kendu egin du Ebroko Konfederazio Hidrografikoak bere plan hidrologikotik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko urriaren 11
Zaraitzu ibaiko emaria asko gutxituko litzateke urak zuzenean Esara eramanez gero (argazkia: Navarra.es)

Urte asko tiraderan zegoen proiektua behin betiko kendu du bere egitasmoen artetik Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE): Nabaskozeko almiradioan, Aizpurgi herri ondotik igarotzen den Zaraitzu ibaiko arroilan presa bat egin eta ibai horretako urak zuzenean Esa urtegira eramateko proiektua desagertu egin da 2022 eta 2027 urte arteko Ebro Arroko Plan Hidrologikotik.

Uztailaren 9an jakinarazi zuen CHEko planifikazio arduradunak erabakia, plan hidrologikoa aurkezteko telekonferentzia bidezko jardunaldi batean, baina albistea ez da orain arte zabaldu. Zaraitzu ibaia babesteko sorturiko ZAIN elkarteko ordezkariak, Luisfer Aguadok, erabakiaren garrantzia nabarmendu du Mendixut aldizkarira bidalitako gutun baten bidez: “1987tik gure ibaiaren gain zegoen mehatxu handia, emaria Esa urtegi handitura eramateko aukera, desagertu egin da garatzen ari diren plan hidrologikotik”.

Proiektu horren arabera, Aizpurgiko presaz gain, Leire mendizerra alderik alde gurutzatuko lukeen lurrazpiko 9 kilometroko kanal baten bidez eramango lukete ura Esaraino –denera 170 Hm3 ur, Zaraitzu ibaiak urtean batez beste duen emariaren ia bi heren–. CHEko arduradunak berak aurkezpenean aitortu du, baina, halako egitasmoren bat etorkizunean berriz aztertzeko, ingurumen kalteen azterketa "zorrotza" beharko lukeela, "eta ikusi beharko litzateke gaindituko ote lukeen".

ZAIN elkartea 2019ko ekainean sortu zen eta berehala ekin zion Zaraitzu ibaia babesteko beharraz kontzientziatzeko lanari. Hala, urte hartako udan 400 herritar inguru elkartu ziren auzolanean ibai bazterretatik zaborra kentzeko. “Ez dakigu zein punturaino eragin duen lan horrek erabakian –dio Aguadok gutunean– baina gure poza adierazi nahi dugu”. Nolanahi ere, elkartetik gogorarazi dute jarraituko dutela Zaraitzu ibaia babesten, “libre eta natural” jaitsi dadin.