Interneteko entziklopedia askera igo dituzte azken hilabeteetan ekialdeko nafar euskalki horren inguruko eduki, erreferentzia eta iturri nagusiak.
Zaraitzuko euskarak badu bere tokitxoa sarean. Zehazki, munduko entziklopedia handienean, Wikipedian, euskarazko, gaztelaniazko eta asturierazko sarrerak paratu dituzte eta azken hilabeteetan edukiz hornitzen aritu dira, euskalkiaren inguruko informazio mordoa pilatzen duen gunea bihurtu arte.
Mendixut aldizkariak eman digu horren berri, argi azalduz zaraitzuerak “leiho horretatik bere burua agertu” nahi duela.
Besteak beste, euskalkiaren bilakaera, erabilera eta historiaz gehiago jakin daiteke, hala nola Aitor Arana, Iñaki Camino, Koldo Zuazo eta beste hainbat ikerlarien lanaren bidez. Horrez gain fonologia, gramatika, ipuinak, bibliografia eta hiztegia ere kontsultatu daitezke Wikipedian. Horrela jakin dezakegu amonari amatto deitzen ziotela ibar horretan iraganean, eta zilborrari kiskoldea.
Arbasoen zilborrestetik iritsi zaien hizkuntzaz gehiago jakiteko –eta erabiltzeko– beste tresna bat badute, beraz, zaraitzuarrek.