argia.eus
INPRIMATU
Zaragozako Fiskaltza hasi da ikertzen haize-errotek eragindako hegaztien hilketa handia
  • Ezaguna da parke eolikoek hegazti mota asko hiltzen dituztela. Orain, Aragoiko Erkidego Autonomoan Zaragozako Fiskaltzak ikerketa bat ireki du zehazteko ea parke horietako hegaztien hilkortasun handia ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko ekainaren 26a
Argazkia: Ansar

Aragoin astero hamasei hegazti harrapakari eta sarraskijaletik gora hiltzen dituzte haize-errotetako hegalek, eta dagoeneko hasi dira nozitzen eragin ekosistemikoak, hegazti horiek giltzarri direlako mendiaren garbiketan eta intsektuen izurrien kontrolean.

Aragoiko Gobernuaren datu ofizialek diotenez, 2021 eta 2022 artean 1.463 hegazti harrapakari eta sarraskijale iritsi ziren hilik haize-errotek harrapatuta La Alfrancako (Zaragoza) Fauna Basatiaren Indarberritzeko Zentrora. Horietatik sai arreak dira gehienak (806) eta, ondoren, belatzak (194), arranoak (194) eta miruak (183). Arranoen artean 23 arrano beltzak dira, eta desagertze arriskuan dagoen arrano eperjale bat.

Desagertze arriskuan dagoen errege mirua ere gogor kolpatu dute haize-errotek, eta azken bi urteetan Aragoiko 34 parke eolikotan 68 ale hilda aurkitu dituzte, Ansar eta Lurraren lagunak elkarte ekologisten datuen arabera. Alabaina, uste dute askoz gehiago direla, gaur egun erkidego horretan 161 planta eoliko direlako.

Etorkizunean egoera okerragoa izan daiteke, beste 134 parte eoliko eraikiko direlako erkidegoan, eta kopuruaz gain, haize-errota horien hegalak 70 metroraino iristen direlako, heriotza tasa handitzeko arriskuarekin. Nafarroan, adibidez, Bardeetako Cavar Parke Eolikoak 160 hegazti handi eta 27 kiroptero hil zituen hamaika hilabetetan –uztaila 2020-ekaina 2021– .

Egiazko eragina okerragoa

Hilkortasun tasa horren eragina hegaztietan, dena den, datuek erakusten dutena baino okerragoa da. Batetik, aipatu kontaketak parke eolikoetan hamabostero egiten diren miaketen ondorio dira, baina tarte horretan sarraskijaleek jadanik desagerrarazi dituzte hildako beste hegazti asko.

Bestetik, hegaztiak ugaltze garaian hilez gero, ondorioak arras larriagoak dira. Sasoi hori urtarriletik ekainerakoa da saien kasuan, eta otsailetik ekainera gainerako hegaztietan. Denbora horretan arra ehizan aritzen ohi da, eta emeak habia zaintzen du eta kumeei jaten ematen die. Haize errotek eme bat hiltzen badute, arrek ez dakite kumeak elikatzen; eta arra hiltzen badute, emea habiatik atera behar da, kumeak arriskuan utzita. Ondorio horiek guztiak ez dira kontabilizatzen datuetan.

Harrapakari gutxiago, izurri gehiago

Ezaguna da hegazti mota horiek guztiek bioaniztasunean duten eragina, bai basoak sarraskiz garbitzeko, bai intsektuen izurriak kontrolatzeko. Belatzek arratoien eta satorren populazioak kontrolatzen dituzte, esaterako; arranoek 180 kilo haragi jaten dute urtean –asko untxiak–; saguzar batek ordubetean 1.200 eltxo jan ditzake, eta gau bakarrean beren pisua beste irentsi dezakete intsektutan.

Saguzarretan haize-erroten hegalek eragindako heriotza kopurua handia da. Ikerketa gutxi dago eta, beraz, datu gutxi, baina Zaragozako probintziako bi parke eolikotan egindako kontaketetan, eolikoen hegalek urtebetean gutxienez 424 sator hil zituzten; garai berean bi parke horietan 111 hegazti hil zituzten, beraz, lau aldiz saguzar gehiago. Horregatik, ingurumen elkarteak gero eta kezkatuago ageri dira, haize-erroten eragin kaltegarria gero eta nabarmenagoa delako bioaniztasunean. Ireki berri den ikerketarekin, ikustekoa da horren aurrean fiskaltzak zer jarrera hartuko duen.

Albiste hau Público egunkariko Eduardo Bayona kazetariak egindako erreportajean oinarrituta dago.