Hilabeteak daramatzate protesta egiten New Yorkeko Zarako langileek, soldata altuagoak, ordutegi hobeak eta lanaldi osoko kontratu gehiago eskatzen.
#ChangeZara kanpaina hasi zuten iazko maiatzean, eta 1.500 sinadura bildu zituzten AEBetako Inditexeko zuzendariari bidaltzeko. Enpresari langileen ordezkariekin negoziatzen hasteko eskatu zioten.
Inditex, eskaerak betetzeko prest
Urte berriaren etorrerarekin iritsi da Inditexen erantzuna. Think Progress blogean jaso dutenez, multinazionalak soldaten igoera eta lanaldi osoko kontratu gehiago iragarri ditu Zarako langileentzat.
Hala ere, langileen ordezkariek mobilizazio gehiago iragarri dituzte datozen egunetarako, hobekuntza horiek benetakoak izan arte.