Eguerdiko 13:00etan emango dio hasiera, proiektu solidarioak, 2018ko sagardotegi garaiari. Aurretik, trikitilariak eta Kalez Kale Kantariko kideak ibiliko dira herriko kaleetan, eta kirikoketa erakustaldia egingo dute Plazan. Irekieraren ondoren, bazkaria egingo dute Goiko Lastolan.
Larunbat honetan hasiko da, Hernaniko txotx denboraldia. Eta urtero bezala, ekitaldi batekin egingo dute irekiera, Plazan. Eguerdiko 13:00etan izango da, eta eguneko protagonista, omenduko dutena, Zaporeak proiektua izango da. Intxaurrondoko Gastronomia Elkartearen proiektu solidarioko kideek irekiko dute, 2017ko uztako sagardoaren aurreneko kupela, eta segidan, herritar guztiek izango dute dastatzeko aukera, bertan.
Txotx Mahaiak proposatuta aukeratu dute Zaporeak, irekiera ekitaldirako: «proiektuak, Wukron egin zituen aurreneko urratsak, eta Hernanik bezala, aspaldiko harremana dauka Etiopiako herri horrekin. Izan ere, 2011n hasi ziren lanean, Etiopia-Utopia fundazioarekin batera, Wukron elikadura eta sukaldaritzarekin lotutako ekimen batekin», azaldu dute.
Ordutik, bere bidea egiten ari da Zaporeak: Wukron Gastronomia eta Sukaldaritza Eskola bat irekitzeko lanean ari da; eta Greziako Chios irlan, egoera larrian zeuden errefuxiatuei eta haiei laguntzera joandako boluntarioei elikadura bermatzen aritu da: «azken batean, beharrean dauden herri eta kolektiboekiko elkartasuna eta gastronomia uztartzea da proiektuaren xedea».
Irekiera ekitaldiaren aurretik, trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetan barrena, eta baita Kalez Kale Kantariko kideak ere. Plazan, berriz, kirikoketa erakustaldia egingo dute, Baztanen sagardoa nola egiten duten azaltzeko ikuskizuna.
Eta irekieraren ondoren, bazkaria egingo dute. Aurten, Goiko Lastola sagardotegian izango da, 14:30etan.
Ekintza gehiago ere aurreratu dituzte, txotx denboraldi honetarako. Otsailaren 24an izango da Sagar Lasterra lasterketa, eta asteburuetan, zabalik egongo da turismo informazio puntua, plan ugarirekin. Sagar Martxa, aldiz, urria aldera egitea aurreikusi dute.
11:45-12:30: Trikitilariak, herriko kaleetan barrena.
11:30-13:00: Kirikoketa. Baztanen sagardoa egiteko modua azaltzen duen ikuskizuna: dolarea, prentsa, dantza...
12:00: Kalez Kale Kantari. Plaza Berritik abiatu, eta kalejiran Plazaraino.
13:00: Txalapartariak.
13:00: Txotx irekiera ekitaldia. Omenduak: Zaporeak proiektuko lan taldea.
14:30: Bazkaria, Goiko Lastola sagardotegian.
XII. Sagar Lasterra herri krosa.
VIII. Sagar Martxa, egun erdiko txangoa. Azken urteotan apirilean izan bada ere, data aldatu eta urria aldera egitea aurreikusi dute. Sagardotegietatik igarotzen den ibilbidea da, eta orduan ariko dira sagardoa egiten, sagar
usaina sagardotegi inguruetan...
Turismo informazio puntua zabalik egongo da, Biteri aurrean. Larunbatetan eta Ostiral Santu egunean, 10:15etatik 14:15etara eta 16:30etatik 19:00etara; eta igandeetan, 11:00etatik 15:00etara.
- Bisita gidatuak hirigune historikoan.
- Tren berdean ibilbideak.
- Pakete turistikoak: bisita gidatua hirigune historikoan+erremontista egun batez+erremonte partiduak (Galarreta frontoian); edo bisita gidatua hirigune historikoan+erremonte partiduak.
Albiste hau Urumeako Kronikak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.