Crowdfounding bidezko diru bilketak 40.000 euroko langa gainditzeko asmoa dute elkartekoek. Dirua furgoneta bat erosteko da, horrek Lesbos irlan (Grezia) dauden errefuxiatuei janaria banatzea ahalbidetuko dielako.
"Lehenbailehen" bildu nahi dituzte 40.000 euroak Zaporeak elkartekoek. Behar den dirua lortu ezean, adierazi dute ezin izango dutela egunero milaka errefuxiatu elikatzen jarraitu Moriako errefuxiatuen kanpalekuan. Martxora bitarteko epea jarri dute, eta egunero, hilero zein urtero izaten dituen kostuez ere mintzatu dira Donostian egindako agerraldian. Proiektua garatu dadin hilean 64.500, eta urtean 825.000 euroko aurrekontua behar dutela adierazi dute.
2016tik ari dira lanean Zaporeak elkartetik Grezian errefuxiatuei ahal bezainbeste laguntza eskaintzen. Azaldu dute egun 42.421 errefuxiatu daudela guztira Greziako irletan. Horietatik ia 20.000 Morian, nahiz eta 3.000 pertsonentzako baino ez dagoen prestatuta kanpalekua. Pilatze baldintzak ez dira aldi baterakoak, elkartearen sortzaile Peio Garcia Amianok salatu duenaren arabera, "asilo prozesuak blokeatuta baitaude administrazioen interes faltagatik".
Diru-bilketa kanpaina egiteko Gipuzkoa Solidarioa Kutxa fundazioaren kontu korrontea jarri dute: 2095 5381 10 1064092199 (Kutxabank).