argia.eus
INPRIMATU
Zapatuko eraso homofoboa salatu eta heteroaraua suntsitzeko deia egin du Ukatu asanblada transmaribibolloak
  • Ukatu asanblada transmaribibolloak gogor salatu du aste-akabuan Algortan izandako eraso homofoboa. Ohar batean deitoratu duenez, mota horretako erasoak egungo jendartean indarrean dagoen heteroarauaren "isla eta ondorio" dira. Horren aurrean, azpimarratu du ez dela salaketara mugatuko, eta antolatu eta borrokatzeko garaia dela aldarrikatu du. Horretarako, besteak beste, elkarretaratzea egingo dute eguaztenean, Algortako San Nikolas plazan. 20:00etan jarri dute hitzordua, eta horregaz bat egin du Algortako jai batzordeak.

Hiruka .eus Iker Rincon Moreno 2022ko martxoaren 09a
Beste eraso bat salatzeko Algortako erdigunean jarritako pankarta (Argazkia: Ukatu)

Algortako inauterietan, eraso homofobo bat jasan zuen adingabe batek. Horren aurrean, Uribe Kostako Ukatu asanblada transmaribibolloak azpimarratu du mota horretako erasoak ez direla gertakari isolatuak: "Erasoak egungo jendartean indarrean dagoen heteroarauaren isla eta ondorio dira. Heterosexualitatea presuntzioa da, norma da. Ez da desiraren orientazio soila, inposizioa baizik. Arau horretatik kanpo kokatzen diren gorputz eta identitateak zigortzen dira, disziplinatzen dira". Horrez gainera, eraso horiek heteroarau hori bere horretan mantentzeko sistemak dituen mekanismoak direla deitoratu du taldeak.

Eraso horiek indarkeria eta sufrimenduaren erakuslerik gordin eta bortitzenak direla gogoratu dute asanblada transmaribibolloko kideek; hala ere, azpimarratu dute egunerokotasunean ere indarkeria pairatzen duela heteroarautik kanpo kokatzen denak, "modu sotilagoetan izan arren".

Borrokarako garaia

Erasoa "irmoki" salatu du taldeak, baina horretara mugatuko ez direla nabarmendu dute: "Antolatu eta borrokatzeko garaia da! Uribe Kostako sexu eta genero disidentzia martxan dago!". Era berean, azpimarratu dute ez dutela "normalak" izan gura: "Ez dugu onartuak izan nahi, ez dugu tolerantziarik nahi. Heteroarauarekin amaitu nahi dugu; gure gorputz, desira eta identitateak modu aske batean bizi nahi ditugu, sistema hau irauli nahi dugu, sistema bera delako arazoa".

Horretarako, besteak beste, elkarretaratzea deitu dute eguaztenerako, Algortako San Nikolas plazan. 20:00etan jarri dute hitzordua, eta horregaz bat egin du Algortako jai batzordeak.