argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen nazioarteko topaketak deitu dituzte zapatistek martxorako Txiapasen
  • Sistema kapitalista, matxista eta patriarkalaren aurka ari diren emakumeen nazioarteko topaketak deitu dituzte EZLN eta Batzar Klandestino Iraultzaile Indigenak. Martxoaren 8, 9 eta 10ean egingo dituzte Txiapasko Tzotz Choj eremuan, Morelia Karakolan. Harrera martxoaren 7an izango da eta agurra martxoaren 11n.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko urtarrilaren 02a

“Ez du axola zure adinak, zure koloreak, zure tamainak, zure sinesmen erlijiosoak, zure arrazak, zure moduak, bakarrik axola du emakume zarela eta kapitalismo patriarkal eta matxistaren aurka borrokan ari zarela”, diote sarean zabaldu duten komunikatuan.

Bertara joateko izena eman behar da norbanako edo kolektiboen izenean. Ondorengo helbide elektronikora bidali behar da mezua: encuentromujeresqueluchan@ezln.org.mx

"Mundu osoan, hil egiten gaituzte. Eta hiltzaileei, beti matxo aurpegidun sistemari, ez zaie axola hiltzen bagaitutze, izan ere, poliziak, epaileak, hedabideak, gobernu txarrak, gure minen ondorioz han goian diren horiek, ezkutatu eta saritu ere egiten dituzte. Baina ez dugu beldurrik, edo bai, baina kontrolatu egiten dugu, eta ez gara errenditzen, ez gara salduko eta ez dugu etsiko".

Horrenbestez, "borrokan ari den emakume bazara, emakume izateagatik egiten digutenaren aurka bazaude, ez baduzu beldurrik, beldurra baduzu baina kontrolatzen baduzu, elkar ezagutzera gonbidatzen zaitugu, elkarrekin hitz egitera, elkar entzutera emakume garenez", diote.

Gizonezkoei mezu argia zuzendu diete: "Gizona bazara, alperrik ari zara hau entzun edo irakurtzen, ez baitzaude gonbidatuta".

Semeren batekin joateari buruz, ondorengoa diote: "Mutil diren zure semeekin etorri nahi baduzu oraindik haur direlako, beno, ekar ditzakezu, balio du beren buruan sartzen joan dadin, emakume garenez, ez gaudela biolentzia, umiliazioa, burlak eta inozokeriak jasaten jarraitzeko prest gizonen partetik, ezta sistemaren partetik ere".

Gizonezko zapatistak "beharrezko dena egiten" jarriko dituztela aurreratu dute, emakumeek "jolastu, hitz egin, kantatu, dantzatu, poesia esan, eta beste edozein arte eta kultura forma parteka" dezaten. "Beraiek arduratuko dira sukaldeaz, garbiketaz eta behar den edozertaz".

"16 urtetik gorako gizonezko batek lagundu nahi bazaitu, zuk ikusi, baina sukaldetik ez da pasako. Agian horren bidez zerbait ikusi eta entzun ahal izango du eta zerbait ikasiko du. Alegia, ez da gizonik onartuko emakumeren batekin ez badator", utzi dute argi.