argia.eus
INPRIMATU
Zapaterok dio Ostiral Santukoaren gisako akordio bat egon zela ETAren amaieran
  • Madrilgo Ateneoan ETAren amaierari buruzko zikloa egiten ari da azken asteetan, eta bertan astearte honetan egindako adierazpenetan, Irlandako bake prozesuan izandako jendea euskal bake prozesuan izatea oso garrantzitsua izan zela aipatu zuen José Luis Rodríguez Zapaterok, eta hemengo prozesuan ere Ostiral Santuko akordioaren gisako bat izan zela.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko maiatzaren 09a
Tony Blair, ezkerrean, eta José Luis Rodríguez Zapatero Moncloako Jauregian. (Argazkia: Moncloa)

Tony Blair, Jonathan Powell, Sinn Feineko eta IRAko buruzagiek euskal bake prozesuan parte hartu zutela azaldu zuen José Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko lehendakari ohiak, eta horrek garrantzi handia izan zuela ETAk mugimenduak egin zitzan.

Horren harira, Zapaterori galdetu zioten ea Irlandan bezala hemen ere Ostiral Santuko akordio bat egoteak prozesuari berme gehiago eman ote zion, eta hark zera erantzun zuen: “Akordio esangabe bat dago Ostiral Santukoaren antzekoa; ezin dut gehiago esan”. Berria-n hitzaldiaren kronika idatzi du Iosu Alberdi kazetariak eta handik jaso ditugu hitzok.

PP beti oso gogor oldartu zitzaion Zapaterori horrek ETArekin sustatutako elkarrizketengatik, baina Zapaterok adierazi izan du eskuineko buruzagi Mariano Rajoyk pribatuan jarrera irekiagoa izan zuela. Zapatero, el legado progresista liburua idatzi du Manuel Sánchez kazetariak, eta liburuan kontatzen du nola Rajoy beti izan zen irekiago euskal bake prozesuarekin Kataluniako procés-arekin baino, eta ETAren kasuan esan ziola egin zezala egin beharrekoa, baina berari ez ezer kontatzeko.

Edozein kasuan, Alberdik bere kronikan kontatzen duenez, Ateneoko Madrilgo konferentzian Zapaterok onartu zuen ETAren amaiera ezker abertzalearen barruan izandako prozesuaren ondorioz izan zela: “Argiak izan gaitezen: indarkeria uzteko erabakia Batasunak eta ETAko kideek izandako debate baten ondorio da”.

Eta atzera eginez, 2006ko agendako ETAren Barajaseko atentatua ere aipatu zuen. Bere esanetan, atentatua epe ertainera lagungarria izan zen, ezker abertzaleko “alde politikoan” ez zelako ulertu. Ezaguna den moduan, bere liburuan aipatzen du ezker abertzaletik giltzarri izan zirela Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Josu Urrutikoetxea.

Azken urteetan Zapatero behin baino gehiagotan mintzatu da ETAren amaiera ekarri zuen prozesuaz, eta harrotasunez aldarrikatu du bere agintaldian eman zela amaiera hori, bere gobernuak ETArekin zuzeneko elkarrizketak bideratu zituelako. Azken boladan, halaber, bera da Pedro Sánchezen gobernua tinkoen sostengatzen duen buruzagi sozialista.

Zapateroren agintaldiak (2004-2011) izan zituen erabaki aurrerakoiak, hala nola ezkontza homosexualen legeztatzea, eta ETArekiko elkarrizketei 2006tik harago eustea ere ausardia handikoa izan zen bere aldetik. Gobernu aldiaren ezaugarri nagusia, dena den, 2007an hasitako mundu mailako krisi ekonomikoa izan zen, baina krisiaren hastapenean, 2008an, krisi ekonomiko arriskurik ez zegoela baietsi zuen tinko; “krisia AEBetan” zegoela eta gaindituko zela. Krisiaren ukatze horrekin jarraitu zuen ondorengo hilabeteetan ere, baina krisia Bigarren Mundu Gerraren ondoren izandako krisi handiena moduan deskribatu izan da. Berak ukatu zuen krisiak irentsi zuen 2011ko hauteskundeetan eta Mariano Rajoy iritsi zen Moncloara.