argia.eus
INPRIMATU
Zangozako Oinez Basoaren inaugurazioa argazkitan
  • Zangozako zabortegi zaharreko lurrean (La Celada parajean) 1.000 landare sartuz inauguratu zuten Oinez Basoa larunbatean. Protagonisten eskutik jaso dugu jada bosgarren basoa martxan duen proiektu honen berri. Argiak ere bere alea jarri zuen, Argia Egunean haziz eta buztinez eginiko nendo-dango bolaxkak han jaurti baitziren.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko urtarrilaren 21
Zangozako Oinez Basoa proiektuko kideak, aurten Baztanen martxan jarriko duten Oinez Basoa proiektuko kideekin.

Zangozako ikastolako Iker Aramendiak aurkeztu digu zabortegia berreskuratzeko landatutako basoaren ezaugarriak:

Jarraian, bertako Oinez Basoa proiektuaren aurrera begirako asmoak azaldu dizkigu, besteak beste baso jangarri bat osatzea:

Hamaiketako ederraren ostean, zabortegi ohieko lurrak berreskuratzeari ekin diote. Irudikatzen zail egiten da oinpean, lur buztintsua zulatuz gero zortzi metrotara zaborra dugunik. Han-hemenka dauden hodi beltz batzuek baino ez dira ikusten, gasa kanporatzen dutenak dira.

Hiru belaunaldi auzolanean: Zangozako Oinez Basoaren arduradun Eva Bandres, bere aita eta alaba.
Herritarrei eta erakundeei landareak babesteko aukera ematen die Oinez Basoak. Zangozako basoan 1.349 landare babestea lortu dute oraingoz, Argiarenarekin 1.350!

Goiko irudian, hara nola jaurti ziren Argia Egunean egindako hazi eta buztinezko nendo-dango bolak.

 

Hurrengoa, Baztango Oinez Basoa

Aurten Nafarroa Oinez antolatuko duen Baztango bailarak ere heldu dio Oinez Basoa proiektuari. Baztanen baso lurren %80tik gora komunala da eta basoak hartuko duen eremuaren ezaugarriak azaldu dizkigu Baztango Oinez Basoko kide den Manolo Lizardik.

Bi landare gutxituz osatuko dute Baztango basoa: karpea edo pagolizarra eta erramu portugaldarra edo loroa. Zergatia azaldu digu Lizardik.

 

Lau baso berezi, 20.000 landare

Zangozakoarekin lau baso eta 20.000 landare dira Oinez Basoa proiektuaren emaitza, oraingoz. Baso bakoitza besterengandik bereizten ahalegintzen dira, eta horrek aniztasuna sustatzen du.

Arbizun landatu zen lehen basoa, 2010ean. 5.000 zuhaitz landatzeaz gain, babespeko espeziea den igel zaluarentzat (Dalmantina Igela), bi baltsa prestatu dira.

Tafallako basoan 2011tik 6.700 zuhaitz landatu dira eta Nafarroako Unibertsitateko agronomoen eskolarekin elkarlanean, lurrean metatutako karbonoa neurtzeko ikerketa martxan da.

2013an Tuterako Argia ikastolak erriberako basoa landatu zuen. Nafarroako 3. hezegune garrantzitsuena da. Guneak 120 hegazti-espezie hartzen ditu, haietako 30 uretakoak.

 

Oinez Basoen hazia: 2009, Etxarri Aranaz

"Oinez Basoen aita!" esan dio batek baino gehiagok Zangozako landaketan, bizkar kolpea emateaz bat. Patxi Lakunza izan omen zen Jaso ikastolako gurasoen ideia bati heldu eta Arbizun proiektua gauzatu zuenetako bat. Sorreratik  ingurumenean inbertitzeko ideiari heldu zioten, alegia, herritar eta enpresak landare bat senidetzan hartzekoa (webgune honetan duzu zuhaitz bat babesteko aukera). Urte hauetan izan duen garapena ere azaldu digu:

Hurrengo urratsa, Oinez Basoa proiektuan ari diren ikastoletan, guraso eta irakasleek elkarrekin Amalur taldeak sortzea izango da, basoaz gain proiektu ekologista gehiago aurrera eramateko. Honela kontatu digu Lakunzak: