argia.eus
INPRIMATU
Zangozako Muga meategia ustiatzeko baimena bertan behera utzi du epai batek
  • Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak Geoalcali enpresari potasa ustiatzeko emandako baimena, Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxanek jarritako helegitearen ondoren.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko urriaren 23a
Herritarrek urteak daramatzate Muga meatze proiektuaren aurkako protestak antolatzen. EiTB

Zangozako Muga potasa meategi proiektua, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko handiena eta azken urteetan polemika eta protesta iturri izan dena, ezbaian jarri dute epaileek. Nafarroako Justizia Auzitegiak ebatzi du meategia bakarra dela, eta aldiz, Geoalcali enpresak hiru proiektu eta eskabide egin zituen: Espainiako Gobernuari, Aragoikoari eta Nafarroakoari. Ondorioz, auzitegiak bertan behera utzi du foru erkidegoko administrazioak emandako ustiapen baimena.

Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxanek helegitea jarri zuten Nafarroako Gobernuaren eta Geoalcali enpresaren aurka. Horretarako, Bal d'Onsellako eta Erreniegako mendilerroko Potasa Meatzeen Kontrako Plataforma Bateratuaren babesa zeukaten.

Zehazki, helegite horretan zalantzan jartzen zen foru erkidegoko Industria Departamentuak Zangozako "Goyo" izeneko ustiaketa proiektuari baimena emateko erresoluzioaren legezkotasuna, eta auzitegiak hein batean arrazoi eman die talde ekologistei: "Proiektua zatitu egin da eta hori Zuzenbidearen kontrakoa da", dio sententziak.

Hala, Nafarroako Justizia Auzitegiak nabarmendu du proiektua hirutan zatitzeak ekar dezakeela Ingurumen Inpakturaren Adierazpenak albo batera uztea meatzeak eragin ditzakeen hainbat kalte, geologikoak edo langileen segurtasunari dagozkionak barne.

Nafarroako Justizia Auzitegiak nabarmendu du proiektua hirutan zatitzeak ekar dezakeela Ingurumen Inpakturaren Adierazpenak albo batera uztea meatzeak eragin ditzakeen hainbat kalte, geologikoak edo langileen segurtasunari dagozkionak barne

Lurrikarak, kamioiak eta akuiferoei kalteak

Helegitea bultzatu duten elkarteek salatu dute inongo momentutan ez dutela izan "sarbide publikorik" meatzeak eragingo lituzkeen kalteak saihesteko Geoalcalik ustez hartuko dituen neurriei buruzko informaziora.

Besteak beste, ingurumen kalteak eta arrisku geologikoak aipatzen dituzte: lur hondoratzeak, sismikotasun induzitua, garraioari loturiko arazoak  –azaldu dutenez, Geoalcalik egunero 500 kamioi erabiliko ditu– eta ibai eta akuiferoei eragindako kalteak. Horren arabera, Esa urtegiari ere eragingo lioke meatzeak.

Muga meatze proiekturako egindako zundaketa baten arrastoak Undués de Lerdan, Zaragozan, Nafarroatik gertu. AraInfo / Miguel Angel Conejos

Talde horiek "pozik" agertu dira epaiarekin. Gainera, beste bi helegite dituzte jarriak, bata Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, "Muga" izeneko proiektuaren kontra, eta bestea Madrilgoan, "Fronterizo" izenekoaren kontra. Oraindik epai zain daude biak.

Multinazionalak atzean

Highfield Resources multinazionalaren filiala den Geoalcalik, bere aldetik, "forma akats" bat baino ez dela adierazi du eta espero duela "arazoa azkar konponduko" dutela administrazioek. Nafarroako Gobernuak, aldiz, ez du oraingoz adierazpenik egin.

Multinazionalen arteko akordio bat iragarri zuten irailean, Muga ustiatzeko kapitala lortzeko. Geoalcali

Pasa den irailean, Muga meatze proiektua aurrera ateratzeko, Geoalcaik iragarri zuen inbertitzaile txinatarrekin akordioa egin zuen, zehazki Shandong Energy eta Yankuang Energy taldeekin; Txinako energia enpresa handienetakoak dira biak ala biak.

Nafarroako Gobernuak txalotu egin zuen akordioa, eta meatzeak 800 lanpostu sortu ditzakeela nabarmendu zuen.