argia.eus
INPRIMATU
Zangozako 2003ko atentatuaren auzia artxibatu du Auzitegi Nazionalak
  • 2003ko maiatzean Zangozan Espainiako bi poliziaren hilketa ikertzen zuen auzia ixtea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Francisco de Jorge epaileak, ikerketa agortutzat eman ondoren.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urtarrilaren 19a

Azken urteetan Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAk egindako ekintzei buruzko hainbat auzi berrireki izan ditu, atentatuotan ETAko zuzendaritzak izan zuen parte hartzea ikertzeko. Dignidad y Justicia biktimen elkarteak egindako salaketek eman dute horretarako bide.

Elkartearen ustez, atentatuotan ez da nahikoa egileak zigortzea, baizik eta une hartan ETAko zuzendaritzan zirenak ere zigortu behar dira, haiek ematen zituztelako aginduak. "Egiletza mediatoa" deitzen zaio figura juridiko horri eta horren arabera, zuzeneko egilea agintzen duenaren tresna bat besterik ez da. DyJk salatutako kasu hauetan guztietan, beraz, ETAko zuzendaritzako kideak ere atentatu zehatzen egile eta errundun lirateke.

Horietakoa da orain Francisco de Jorge epaileak itxi duena auzia. Europa Pressek zabaldutako albistean zehazten denez, aipatu epaileak akusatuak ez auzipetzea erabaki du, “ikerketa bide guztiak” agortu ondoren; epaitegitik adierazi dutenez, argi dago delitua egon dela, baina ez dago hori nori leporatu.

Fiskaltzaren arabera, hildako bi poliziak eta zaurituak Espainiako Poliziako kideak ziren, “eta jakina da kolektibo hori, zoritxarrez, ETA erakunde terroristako ekintzen helburu zela; beraz, atentatu hori ez zen ETAko zuzendaritzaren agindu zuzen eta zehatzez egin”.

Epaileak, halaber, gogorarazi du Poliziaren inteligentzia zerbitzuen hainbat txostenetan aipatzen dela ETAko komandoek askatasunez jarduten zutela haientzat ohikoak ziren helburuetarako, eta horretarako ez zutela ETAko zuzendaritzaren baimenik behar, Zangozako kasu honetan bezala.