Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela urte batzuk elikaduraren, jasangarritasunaren eta garapenaren bueltako eragileak eta pertsonak. Cederna Garalur landa garapenerako elkartearen bultzadarekin jarri dute martxan Jakiak Ehuntzen proiektua, Zangozako Merindadeko elikagaien ekoizpen eta komertzializaziorako sarea.
Herritarrei eskualdeko elikagaiak eta produktuak eskuratzeko modua erraztea eta, aldi berean, hurbileko ekoizleei merkaturatzeko bide berriak eskaintzea dira proiektuaren helburu nagusiak. Bide horretan, kontsumitzaileen sentsibilizazioari begirako ekimenak ere antolatzen dituzte, eta hurbileko produktuak merkaturatzeko guneekin harremanetan daude: merkataritza txikia, ostalaritza, turismoari lotutako guneak… “Zangozako Merindadea hiru eskualdek osatzen dute: Pirinioek, Prepirinioek eta Zangozak. Guztira 57 herri dira, baina 22.000 herritar eskas gara”, azaldu du Tania Gomez Rodrigok, proiektuko teknikariak.
Nafarroako lurraldearen laurden bat hartzen du gutxi gorabehera eskualdeak, eta teknikariak nabarmendu duenez, mota askotako produktuak ekoizten dira bertan: “Lurraldea hain zabala eta klima aldetik anitza izanda, eskura ditzakegun produktuak ere askotarikoak dira”. Eskualde bakoitzak bere ezaugarriak izan arren, denak dira landa eremukoak eta despopulatze maila handikoak. “Abeltzaintza da nagusi Pirinio inguruan: esnekiak, gaztak… Zangoza inguruan barazkiak, fruta, ardoa, olioa, zerealak eta lekaleak ere baditugu”.
Logistika proiektu pilotua du esku artean Jakiak Ehuntzen egitasmoak: eskualdeko ekoizleak haien artean antolatu dira produktuak kolektiboki banatzeko eta saltzeko. “Distantzia handiak ditugu, orografia zaila, eta bidaiak eta gastuak murriztea da asmoa”, dio. Modu horretan, eskualdeko denda txikiei ere erosketa aldi berean egiteko aukera ematen diete, produktu sorta bat eskainita. Banaketa, gainera, tokiko kooperatiba baten bidez egiten dute herriz herri: “Finantzatutako zerbitzua da, banaketak ez die kosturik eragiten ekoizleei, ezta dendei ere”. Oraingoz, ekonomikoki errentagarria izatea oso zaila dela dio, baina haien asmoa da pixkanaka ekoizle eta denda gehiago batzea egitasmora, bideragarritasun ekonomikoa lortzeko.
Jakiak Ehuntzen proiektuko katalogoan eskualdeko 26 ekoizlek hartu dute parte, eta banaketa kolektiboaren proiektuan 12 daude. Proiektuko ekoizle asko eredu ekologikoan ari dira, baina ez guztiak. “Gutxienez, ekoizle txikiak izatea bilatu dugu, ez eredu industrialekoak. Lurrari lotutako ekoizleak, estentsiboan ari direnak”. Tokiko ekonomiari ekarpena egiteko eta despopulatzeko arriskuan dauden herrion etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoak dira halako proiektuak, Gomezen ustez.