Urte askotako gorabeheren ondoren, Zangozako Udalak meatze polemikoaren obrak hasteko baimena eman dio Geoalcali enpresa australiarrari. Meatze horretatik potasa aterako litzateke nagusiki eta baita gatz arrunta ere.
Meatze proiektuak Nafarroako Xabier Udalerriaren eta Aragoiko Undués de Lerdakoaren lurrazpiari eragiten dio. Zangozako lurretan, bestalde, meatzetik ateratako materialen prozesamendu planta egin nahi du Geoalcalik. Baimen horrekin meatzearen sarrerari ekin ahalko dio multinazionalak, zeinak espero duen aurtengo bigarren seihilekoan hasi ahalko dela lanekin.
Konpainiaren esanetan, dagoeneko egin du 90 milioi euroko inbertsioa eta espero du 600 milioikoa egitea proiektuan. Meatzea irekitzeko lanetarako 2.000 lanpostu sortuko dituela segurtatu du, eta ondoren, meatzeak 800 laguni emango diela lana. Oraindik, hala ere, basoen ustiaketa dela eta, Nafarroako Gobernuak eman beharreko bateragarritasun baimen baten zain legoke Geoalcali.
Aurkako jarrera ere bai
Proiektuaren tamaina ez da nolanahikoa: meatzeko galeriak 8,5 kilometro luzera eta 3,5 kilometro zabalerako espazio batean heda daitezke, eta 600 metroko sakonerara iritsi. Urtero bertatik 6,3 milioi tona material atera daitezke datozen 25 urteetan. Hainbat kalkuluren arabera, lur horiek guztiak mugitzeko eguneko mila kamioi erabili beharko lirateke.
Horrez gain, proiektuaren aurkakoek salatzen dutenez, kutsadura handia ekarriko luke, besteak beste erreka eta akuiferoetara. Ustiaketarako, halaber, ur kopuru handiak beharko lirateke eta Geoalcalik aurreikusten duenez, hori Esako urtegitik eskuratuko luke. Hainbat elkarte eta talde ekologistek iragan abenduan aurkeztu zituzten proiektuaren aurkako alegazioak.