2018ko martxoaren lehena zen, bere lehen agintaldiaren lehen laurdena burututa, Donald Trumpek pentsaera politiko-ekonomikoaren lagin gardenena utzi zigunean: “Merkataritza-gerrak onak dira, eta irabazten errazak”. Orduantxe abian jartzear zituen altzairu eta aluminio txinatar, europar eta kanadarrentzako muga-zergak zuritzera zetorren adierazpena. Baina, aldi berean, pertsonaiaren, eta haren segizio zabalaren, sakoneko ikuskera ere agerian jartzen zuen. Esan gabe zihoan guztiarekin: ekonomia ere arma bat da, ahaltsuena agian, eta gupidarik gabe erabili behar da helburu gorenerako. MAGA, America First.
Sei urte luze, eta pare bat krisi latz, igaro direnean, estrategiaren balantze moduko zerbait egiteko garaia izan behar luke. Bistakoena denetik hasita: ikusmoldea ez dela inondik ere trumpismoarena soilik. Bidenen agintaldiaren lau urteetan, doitu bai, baina ez da inondik ere murriztu Trumpen muga-zergen estrategia: haren garaiko berniz protekzionista galdu eta etsai geopolitikoen aurkako arma-tasuna areagotzea besterik ez du egin. “Elkargune bipartidista” dela AEBetan, esan dezakegu. Eta egitate horretatik hasi beharko genuke kontuak ateratzen.
Merkataritza-gerrak onuragarriak izan daitezkeela iriztea, askotxo esatea da sei urte horietan estatubatuar ekonomiak izan duen bilakaera ikusita: tartean gertatu diren gorabehera guztien eragina eta ondorioak haztatuta, onurarik izan ote dute, adibidez, Txinari ezarritako muga-zergek? Nola neurtuta? Eta AEBen bloke geopolitikoa osatzen duten gainerako herrialdeen ikuspuntutik, hondamendiaren hurbileko zerbait izaten ari da “desakoplamendua”. Onuradunak, izan, badira, baina ez daude Mendebaldean.
Erraztasunaz, ez dago asko esan beharrik. Trumpen bigarren agintaldiaren hastapeneko leloa “muga-zerga gehiago, eta gehiago” izateak garbi baino garbiago erakusten du zer gertatzen den. Ez du hark uste bezala funtzionatzen. Gerra ekonomikoaren muturreraino eramanda ere 2022az geroztik Errusiari ezarritako zigorren porrota aurkariek ere onartzen dute jada. Estrategia osoa berrikusteko abagunea izan behar luke. Benetako helburua zein den aitortzetik hasita.
Eta hartarako, Tonya Harding gogora ekartzea lagungarri izan daiteke, adibidez. 1990eko hamarkadaren lehen urteetan izotz-irristaketako izar distiratsuena izan zen Harding. Bera baino distiratsuago bat, Nancy Kerrigan, agertu zen arte. Orduan, “norbaiti” otu zitzaion arazoaren konponbidea izango zela Kerrigani zangoak haustea. Eta egin ere, egiten saiatu ziren. Ez zuen funtzionatu.
Norbaitek uste al du Txinari zango ekonomikoak hausteko estrategia funtzionatzen ari dela?