argia.eus
INPRIMATU
Zanbranako sutea kontrolpean dago
  • 30 urtetan Txulato mendi ingurua bigarren aldiz erre dela salatu du bere sare sozialetan herriko alkate Aitor Abeciak, eta Eusko Jaurlaritza kritikatu du, helikopterorik ez duelako bidali suteei aurre egiteko.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 08a
Sutearen ondoren Zanbranako lurrak kiskalita. Argazkia: Aitor Abecia, Zanbranako alkatea, @Aitor_Abecia Twitterren.

Goizeko ia bederatzietan adierazi du sutea egonkortua dagoela Twitter bidez Aitor Abecia Zanbranako alkateak. Sutea igandean piztu zen, Txulato mendiaren inguruan, Zanbrana udalerrian. Suak A-3126 errepidea moztea eragin zuen baina ez zuten etxebizitzarik hustu behar izan.

Zanbranako alkateak eskerrak eman dizkie lurreko eta aireko brigada guztiei beren "lan nekagaitzagatik". Eusko Jaurlaritza kritikatu du ere, helikopterorik ez duelako suteei aurre egiteko eta Arabako Foru Aldundiari ere mezua bidali dio: “Ea Arabako Foru Aldundiak deitzen digun baso-ingeniaritza planifikatzeko, edo, beste behin, mendia bere kasa uzten dugun”.

Ia ordu bat beranduago adierazi du Eusko Jaurlaritzaren larrialdiei aurre egiten dien SOS Deiak-ek sutea egonkortua dagoela baina oraindik ere A-3126 errepideak itxia jarraitzen duela.