1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea: “Berak esan zidan niri pertsonalki”.
Euskal Herriko apaiz antifrankisten historian pisu nabarmena izan duen historia baten pasarte ezezaguna agerian geratu da, Apaiz Kartzela dokumentalaren bueltan jasotako lekukotasun baten bidez. Zamorako apaiz kartzelan 1971n izandako ihesaldi saiakera nola zapuztu zen jakin dute, Nicanor Acosta abade errepresaliatuak esanda: Espainiako Alderdi Komunistako buruzagi Santiago Carrillo izan zen, ustez, kartzelatik irteteko tunela egiten ari zirela salatu ziona poliziari, testigantza honen arabera.
Zamorako apaiz kartzela 1968an sortu zuten Elizaren eta Estatuaren artean, auzi politikoengatik zigorturiko apaizak, hein handi batean euskaldunak, bertan espetxeratzeko. Denera 52 abade giltzapetu zituzten eraikin hartan 1976an itxi zuten arte. Apaiz Kartzela dokumentalak haien historia eta bizipenak biltzen ditu, Oier Arantzabalek, David Pallerések eta Ritxi Lizartzak zuzenduta.
Dokumentalak ibilbide luzea egin du 2021eko apirilean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zutenetik. Toki ugaritan aurkeztu dute, baita Euskal Herritik kanpo ere. Hain justu, duela urtebete inguru Galizian, aurkezpen bira horietako batean, Lizartzak, Xabier Amuriza bertsolari eta Zamorako preso-ohiak, eta Juan Mari Arregi kazetari eta abade-ohiak, Acostak emandako informazioa lortu zuten. Eta horren ostean, Amurizarekin egindako elkarrizketa batean jaso zuten testigantza osorik.
Elkarrizketa horren edukia ostegun honetan aurkeztu dute Bilboko Kafe Antzokian egindako prentsaurreko batean.
Santiago Carrilloren aitormena
Nicanor Acosta Alonso, Galiziako familia xume bateko semea zen, A Coruñako San Jorge elizako apaiza zen 1969an, frankismoaren kontra aritzeagatik Zamoran kartzelaratu zutenean. Handik ateratzerakoan ideia aurrerazaleak defendatzen jarraitu zuen eta, esaterako, M-15 mugimenduaren aurpegi ezagunenetako bat izan zen A Coruñako kaleetan.
“Gogoan dut liburutegitik ateratzean [Carrillo] nire ondoan jarri zela eta esan zidala: ‘Nicanor, ni izan nintzen Gobernazioari Zamorako espetxeko tunelaren inguruko komunikazioa eman ziona’. Hori esan zidan pertsonalki”.
Elkarrizketan errudun sentitzen dela aitortzen dio Amurizari. Acosta tunela amaitu baino zertxobait lehenago irten zen Zamorako espetxetik 1971n, eta berehala Espainiako alderdi komunistan (PCE) eman zuen izena. Alderdi horretako A Coruñako arduradun Santiago Alvarezi ihesaldiaren berri eman zion aste batzuk lehenago: “Eskatu nion alderdiak ihesean lagundu zezala”, dio abade ohiak. Acostak alderdiari babesa eskatu zion preso zeuden burkideentzat, baina kasik seguru agertzen da horrek berak ekarri zuela poliziek 20 metroko tunela aurkitu eta ihesaldia zapuztea.
Acostak gogorarazten du garai hartan PCE legez kanpo zegoela eta Santiago Carrillo zela buruzagia. Honek, Madrilgo batzorde exekutiboko bilera klandestinoetan hitz egindako guztiaren berri zekien, Parisen erbestean egon arren. Eta momentu horretan, adierazpen harrigarria egiten du elkarrizketatuak: “Bera izan zen, berak esan zidalako”.
Hori baieztatzeko, denbora askoren ondoren liburu baten aurkezpenean Carrillorekin topo egin zuenean bizitako pasartea kontatzen du Acostak: “Gogoan dut liburutegitik ateratzean nire ondoan jarri zela eta esan zidala: ‘Nicanor, ni izan nintzen Gobernazioari Zamorako espetxeko tunelaren inguruko komunikazioa eman ziona’. Hori esan zidan pertsonalki”.
Bere hitzak “bihotzean iltzatuta” geratu zitzaizkion abade-ohiari eta horregatik ez zuen orain arte horren berri eman. Baina Acostaren ustez, Carrillok ihesaldia salatu omen zuen alderdia legalizatzeko “irrika” zuelako: “Beretzat apaizek ez zuten izan behar demokraziaren aldeko borrokaren protagonista, langileek baizik”.
Testigantzaren egiazkotasunaz
Ihesaldia prestatzen aritu ziren euskal apaizek sarritan azaldu dituzte susmoak Poliziak ez zuela tunela ustekabean aurkitu, baizik eta salaketa baten ondorioz: “Zuzen-zuzenean joan ziren”, dio ihesaldia hasieratik prestatu zuen Josu Naberan abade-ohiak elkarrizketa honetan.
Arregik ARGIAri azaldu dionez, Acostaren testigantzaren egiazkotasuna frogatzen saiatu dira: “Gestio ugari egin ditugu espetxeetako artxiboetan, Espainiako Gobernuan, baita PCE barruan ere. Ni neroni Martín Villarekin izan naiz, Carrillorekin politikoki harremana izan zuelako alderdiaren legeztatzea zela-eta”, dio kazetariak. Baina ofizialki ez dute ihesaldiari buruzko pasarte horretaz ezer gehiago jakin. Horregatik erabaki dute Acostari egindako elkarrizketa publiko egitea.
“Egon liteke jende bat pentsatzen duena hau guztia zure asmakizun bat dela…”, esaten dio Amurizak elkarrizketatuari amaieran: “Uste dut Santa Teresak esaten zuela: umiltasuna egia da. Nik ez dut egia zertan ezkutatu, eta berarekin noa lurraren amaieraraino”.