argia.eus
INPRIMATU
Zamaketariek EAJri aurpegiratu diote haiek kaleratu nahi izatea
  • Bilbo eta Pasaiako zamaketariek protesta egin dute Bilboko portuan eta EAJri aurpegiratu diote “langileen aldarrikapen zilegiekin negozioa egin nahi izatea”; zamaketaren liberalizazioaren alde bozkatu zuen EAJk Espainiako Kongresuan.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 30
Bilboko portuan zamaketariek egin duten protesta. (Arg.: UGT Euskadi) Bilboko portuan zamaketariek egin duten protesta. (Arg.: UGT Euskadi)

Azken hilabeteetan lan gatazka piztu da zamaketarien eta Espainiako Gobernuaren artean. Gobernuak zamaketa sistema liberalizatu nahi zuen langileekin adostasunik bilatu gabe. Erreforma horrek asko kaltetuko zituen zamaketarien lan baldintzak, eta horiek greba egitearekin mehatxatu zuten.

Erreformak, baina, ez du aurrera egin. Kongresuan egindako bozketan, PPk EAJren babesa baino ez zuen jaso, eta oposizioko gainontzeko alderdiek atzera bota zuten. Zamaketariek, ordea, ez dute EAJren postura ahaztu.

Asteazkenean bidaiariak jasotzeko terminal berria inauguratu dute Bilboko portuan. Han bildu dira Íñigo De la Serna, Espainiako Sustapen ministroa eta liberalizazio erreformaren bultzatzailea, José Llorca, Estatuko Portuen lehendakaria, eta Asier Atutxa, Bilboko Portu Agintaritzaren ordezkaria. Sindikatu eta enpresa batzordeen ordezkariek deituta, zamaketariek protesta egiteko baliatu dute aukera.

Aurpegiratutakoak

Protestan adierazi dute "dezepzionatuta" daudela EAJrekin, eta lana mantentzearen alde azaltzen den bitartean, langileen kaleratze orokorra bultzatzen duen dekretu baten alde bozkatzen duela.

Llorcari berriz, aurpegiratu diote ez dela gai izan ez zamaketarien sistemaren erreformari irtenbide bat topatzeko, ez eta saiatzeko ere. De la Sernari, berriz, bere negoziatzeko jarrera eza egotzi diote, eta Atutxa zamaketarien kontra egindako adierazpenengatik gaitzetsi dute: pribilegiatutzat jo zituen.