Datorren urtarrilaren 15ean Etxarri Aranazko Kultur Etxean eta bi emanalditan (17:00 eta 19:30) eginen da “Zama doinuz arindu VIII” kontzertu-ikuskizuna. Etxarriko Sarek eta senide eta lagunek antolaturik, Euskal Herriko abeslari ezagunek urtetako gatazkaren ondoren oraindik dagoen zama doinuz arintzeko aukera emanen dute berriz ere. Ahotsa.info-k, ohikoa denez, jaialdia grabatu eta zabalduko du.
"Helburua, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta, hortaz, ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea izango da; eta, aldi berean, urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzea", adierazi dute antolatzaileek.
Azken zazpi urteetan Etxarri Aranazko Kultur Etxetik abeslari eta musika talde andana pasa da: Esne Beltza, Oreka TX, Tximeleta, Ruper Ordorika, Vendetta, Tapia eta Leturia, Su ta Gar, Zopilotes, La Chula Potra, Gozategi, Hutsun, Doctor Deseo, Fermin Valencia, Hesian, Gorka Urbizu, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Ines Osinaga, Kutxi Romero, Petti, Gatibu, Fermin Muguruza, Des-kontrol, Huntza, Afu, Itziar Ituño, Exprai, Porrotx, Anari,Zea Mays, Rotten XIII, Bad Sound, Juantxo Skalari, Eñaut Elorrieta, Zetak, Brigade Loco, Erramun Martikorena, Skabidean, Anita Parker, Bulego, Zelanda, Amak, Unidad Alavesa, Modus Operandi... Horiek ia ia guztiak grabatu eta zabaldu ditu Ahotsa.info-k, eta aurtengoa ez da salbuespena izanen.