Hondarribian bazterrak urratu dituen Zaldunbordako Outlet merkatal-zentro haundiaren kontrako mugimendua hedatzen doa. Herriko merkatariek astero elgarretaratzeak egitea deliberatu duten bitartean, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko eragile ezberdinei gonbidapena luzatuko dien plataforma bat ere eratu berri dute. Politikan ere, Hondarribiko EAJ bakartua geratzen ari da.
Anartean, Hondarribiko Abotsanitz udal taldeak Zaldunbordako proiektua garatu nahi duen Higertoki enpresa salatu du Irungo Ertzain Etxean. Diotenez, lur-eremu horretan zundaketa batzuk egiteko baimena zuela probestu baitzuen enpresak joan den uztailean, ingurumen txostenik gabe 100.000 metro koadro zuhaitz eta landare kentzeko.