argia.eus
INPRIMATU
'Zaldunborda Gelditu" plataforma sortu dute Hondarribian, ingurumena herri ereduaren zentroan jartzeko xedez
  • Zaldunbordako Mega Outlet proiektua geldiarazteko helburua duen plataforma eratu dute Hondarribiko merkatariek, herritarrek eta talde ekologistek. Udaletxeko arkupetan aurkeztu dute ostegun goizean.

Antxeta Irratia 2019ko azaroaren 07a

Hainbat eragilek indarrak bildu dituzte, Jaizkibelgo magaletan Higertoki S.L. enpresak proiektatua duen 12 futbol zelaien tamainakoa (30.000 metro koadro) izango den mega-outlet village delakoak Hondarribiko bizimodua eta hiri-eredua kaltetuko dituelakoan baitaude.

Proiektuak 100 outlet denda, 36 ostalaritza establezimendu eta 11 gasolindegi-surtidore aurreikusten ditu. Eta honek Bidasoa bailaran ez ezik, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko herritarrengan eta zerbitzuen sektorean erabateko eragina izango duela salatu dute. Izan ere, proiektu komertzial honek 5 milioi bezero erakartzea aurreikusten du. Eta honek egunean, batezbeste, 11.000  desplazamendu gehigarri suposatzeaz gain, mugikortasun jasangaitzak ekarriko duen kutsadurarekin batera, Jaizkibel eta Aiako Harria natur parkearen arteko korridore berdean kokatua egongo da. 

Merkatarien esanetan, bestalde, Zaldunbordako proiektua bururaino eramanez gero, tokiko komertzioen gehiengo baten azkena suposatuko du. Plataformatik jakinarazi dutenez, Txomin Sagarzazu alkatearekin bildu dira. Eta honek argi utzi die proiektuak bere bidea segituko duela. Eta udal gobernuak begirunez hartzen duela, enpleguaren ikuspuntutik 2.000 lanpostu inguru sortuko dituela aintzat hartuta.

Bien bitartean, Higertoki SL enpresak udaran zehar Zaldunborda Gaina eremuan egindako lanak "baimenik gabe" egin zituela onartu du Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk. 

Abotsanitz herri plataformak Ertzaintzan egin zuen gertaera hauen salaketa. Eta herri plataformak berak zabaldu duenez, udal arkitektoaren txosten batek aitortzen du, enpresak zundaketa batzuk egiteko baimena gainditu egin zutela, eta 100.000 metro koadroko eremu horretan, zuhaitz eta sastraka garbiketa, lur betelanak eta erreka bazterretan ere egindako txikizioak ez zuela ingurumen txostenik.

Hau kontuan hartuta, "lan horiek klandestinoak direla ebatzi du alkateak" eta dagokion espedientea ireki du Higertokiren aurka, Lurzoru eta Hirigintza Euskal Legea hausteagatik hain zuzen ere. 500 eta 5.000 euro arteko isuna jaso dezake enpresak horregatik. Aldiz, hilabeteko epean lan horiek legeztatzeko aukera eman dio Sagarzazuk Higertokiri "zuhaitz mozketa eta lurrak betetzeko lanen inguruko baimena eska dezan". Hain justu, lanak legeztatzeko aukera eman diola alkateak enpresari ere kritikatu du Abotsanitzek.