argia.eus
INPRIMATU
Zaldibian omenduko dute Iztueta dantzari, musikari eta idazlea bere 250. urteurrenean
  • Juan Inazio Iztueta Etxeberriak (Zaldibia, 1767-1845) arrastoa utzi zuen euskal dantza eta herri musikan, idazle bezala egindako aportazioaz gain. Haren jaiotzaren 250 urteak betetzen direnean, sorterrian hitzaldi, irakurketa eta dantza erakustaldiz osatu dute omenezko egitaraua.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko azaroaren 16a
Jose Inazio Iztuetaren irudia Antonio Valverde 'Ayalde'k irudikatu zuen bezala, Zaldibiako ospakizunen egitarauaren azalean.

Euskaldunen memoriak Kontxesiri izeneko bertsoak gorde ditu bere memorian, Iztuetak eginetatik: "Maite bat maitatzen det maitagarria...". Floklorearen eta dantzaren maitaleek berriz ahaztu ezinezko liburutzat daukaten haren "Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar, eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac". Idatzita utzi zituen hainbat materialena artean dago ere "Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia".

Goierriko notable txikien familia batean sortutako Iztuetaren biografiak biltzen ditu, gainera, XVIII. mende amaieratik XIX.aren erdi aldera arte Euskal Herriak eta zehazki Gipuzkoak bizitako garai nahasi eta berrikuntzaz beteak: familiaren eta moralaren arauak urratzeagatik Inkisizioak epaitu eta luzaz espetxeratua, foruak defenditzen zituen liberala, frantsestua izateagatik berriro zigortua, Gipuzkoako Diputazioak enplegua emana...

Azaroaren 16tik 29a luzatuko den kulturaldiari hasiera Jose Ignazio Ansorena musikariak emango dio ostegunean, 18:30etan, "Juan Ignazio Iztueta: bizarra urdina, baina txit arina hitzaldiarekin; Ansorenak hitzak txistuz osatuko ditu, laguntzaile duela Aitor Furundarena "Furunda" esku-soinuan. 23an Gerardo Elortza historialariak "Iztuetaren garaia eta lanak" aztertuko ditu. 26an herriko plazan eskainiko duten musika eta dantza ikuskizunak bilduko ditu Zaldibiako txistulariak (Txanbolinteroak), Donostiako txistulari banda eta Gipuzkoako hainbat dantza talde. Gainerako ekitaldien berri zehatza ematen du Zaldibiako Udalak bere gunean.