Herritarrak inplikatuz eta Arkitekturako ikasleen laguntzaz, bizilagun guztiak kontuan hartuko dituen plaza ari dira diseinatzen Zaldibian. Hilero arlo bati eskaintzen diote tartea: zaintzaren arkitektura landu eta espazioa ikuspegi feministatik aztertu ostean, haur eta gazteek plaza nola erabiltzen duten behatu dute apirilean, pixkanaka pistak hartu eta etorkizuneko plaza denen artean eraikitzeko: “Esperimentu bat da”.
Halaxe azaldu du Xotil Natke Arkitektura irakasleak: “Esperimentu bat da, ea kapazak garen orain arte arkitektura bulegoetatik diseinatu ohi duguna, hegemonia deitzen dugun hori, hautsi ahal izateko eta auzolanean egin ahal izateko”. Bi urtez luzatuko den prozesuan, plaza esperimentazio gune bihurtu eta herritarrek izango dute protagonismoa, Eztitxu Mujika Zaldibiako alkatearen hitzetan: “Herritarrak inplikatzea eta herritarren jakintza lehen lerroan jartzea da helburua, Arkitektura ikasleek oinarri hori izan dezaten”.
Joan den otsailean zaintza tailerrak egin zituzten eta martxoan feminismoari lotuak, arlo horiek aintzat izango dituen plazak nolakoa behar duen gogoetatzeko. Oraintsu, haur eta gazteen txanda izan da: inguruko denda eta lantegietatik lortutako materiala plazan utzi (gurpilak, bobinak, kaxak, oihalak, oskolak, txapak…) eta zerekin, non eta nola jolasten duten aztertu dute. “Plaza ere jolasteko izango baita, baina ez betiko moldean”, dio Natkek. Adibidez, mahai eta eserleku batzuk jarri eta plazan non kokatuko dituzte haur eta gazteek? Nola erabiliko dituzte? Halakoak pistak dira, gero plaza egoki diseinatzeko.
Maiatzean osasun komuna da gaia eta ekainean espazio burujabeak. “Ertzetik erdira, espazio sorkuntza auzolanez” ekimena aurrera doa urratsez urrats, eraikitzeko beste modu bat praktikara eramatea xede.