argia.eus
INPRIMATU
Zaldibiako egoera larriaren aurrean, COVID-19aren zabalpena eteteko ekintza plana eskatu du Udalak
  • Hamalau egunetan Zaldibiako 7.400eko intzidentzia-tasa dutela, egoera larria dela eta oso kezkatuta daudela adierazi du Udalak. Transmisioa eteteko ekintza eta neurri plan zehatza eskatuz gutuna bidali dio Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 06a
Argazkia: Wikiloc

Bi astetan gutxienez 124 herritarrek positibo eman dutela eta 52 etxebizitzan positibo den norbait dutela ohartarazi du Zaldibiako Udalak, “eta berrogeialdi prebentiboan egon diren eta dauden beste hainbeste eta gehiago”.

Osakidetzako arakatzaile sareari eta herritarren kolaborazioari esker lan handia egin dela adierazi ostean, Covid-19aren zabalpena eteteko plan eta estrategia baten beharra azaleratu du Udalak. “Baheketa deialdi zabala ekintza horietako bat izan daiteke. Lehen egunetik (martxoaren 26a) azaldu izan dugu honen beharra”, diote, baina baztertu egin dela baheketa, nahiz eta beste hainbat lekutan tresna hori bera erabili duten.

Beranduegi izan aurretik

“Beranduegi izan aurretik hartu behar dira neurriak”, dio Udalak, eta hainbat galdera planteatu dizkio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, gutunez: “Nola liteke Zaldibiako Udalaren informazio iturri ofizial bakarra euskadi.eus-en astelehenetik ostiralera 12:30ean plazaratzen den txostena izatea? Martxoaren 31n burututako bileran, arakatzaile sareak jasotakoarekin egoeraren inguruko analisi bat aurkeztu zitzaion hainbat udali; azterketa hori eguneratu eta konpartitu al dezakezue Zaldibiako Udalarekin? Jakinda Zaldibian kutsatzea dibertsifikatu dela eta ez dagoela jatorri bakar bat, zein neurri abiatu behar ditu Osasun Sailak kutsatutako pertsonak identifikatu eta transmisioa eteteko? Zein da Osasun Sailaren estrategia eta zein neurriak, Zaldibiako kutsatze katea lehenbailehen eteteko?”.

Gutuna osorik lotura honetan irakurri daiteke.