argia.eus
INPRIMATU
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua
“Zaldibarkoak ere erakutsi digu ezin dugula erraustegia onartu”
  • Gipuzkoako erraustegia piztear direnean, larunbatean Donostian egingo den manifestaziora deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak: “Ez inori eta ez ezeri kasu egin gabe, azkenean Gipuzkoako agintari politikoek eta korporazio handiek egin dute nahi zutena. Proiektu kriminal hau martxan jarri duten agintarien izenak ez ditugu ahaztuko. Olano eta Asensio, zuen erraustegia izango da hau betirako”.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 25

Larunbateko manifestazioaz gain, Zubietako erraustegia ofizialki inauguratzen duten egunerako (martxoaren 3a da mahai gainean dagoen data, baina ez da ziurra) protestak ari da antolatzen mugimendua. Herri guztietan 19:00etan kandelekin eta beltzez jantzita kontzentrazioak deitu ditu.

Zaldibarren gertaturikoa hartu du hizpide EAM-k: Gutxi batzuen negozioagatik milaka herritarren osasuna jarri dute arriskuan krisia sortu denean ezkutatu egin diren agintari politikoek”. Pribatizazioaren bideak zer dakarren ere erakutsi du Zaldibarrek, EAM-ren esanetan: “Agerian dago hemen aginte makila enpresak daukala eta Aldundian txotxongiloak besterik ez direla. Pribatizazioak erakutsi du zaborraren mafiak ez duela eskrupulurik”.

Erraustegian berdina gertatu daitekeelako kezka agertu du mugimenduak: “Nork ziurtatzen digu Gipuzkoan geroz eta gehiago birziklatzen badugu, ez dituztela kanpoko hondakinak ekarriko hemen erretzera? Eta nork, erretzen dutena erretzen dutela, ez duela kalterik eragingo herritarron osasunean? Zaldibarrera nazioartetik kamioiak iristen ziren han nahi ez dutena hemen botatzera. Nola onartu hori? Noizbait Zubietan halako desastre bat gertatzen bada, agintariek zer esango digute, enpresaren errua dela? Txinako Urbaserri eskatzeko kontuak?”.

Gaikako bilketaren alde

Alternatibak badirela aldarrikatu dute. “PNV-PSOE tandemak hondakinen gaia ez du inoiz konponbidean jartzen. Inguru honetako dioxina eta furanoz kutsatu nahi gaituzte 35 urtez, eta horrez gain, Zaldibarko hondakinak Gipuzkoako erraustegira ekarri nahi dituzte. Zaldibarkoak berriro erakutsi digu Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan, gaikako bilketa sistema eraginkorren politikak aplikatu behar direla. Gipuzkoako herri askotan egin dira hobekuntzak”.

Hain juxtu, udalen gainean jarri du fokua mugimenduak, konpromisoak har ditzaten beraiek bildutako hondakinik Zubietako erraustegira ez bidaltzeko. “Eskaera garbia da: udalez udal, eta batez ere hondakinak bereizita ongi jasotzen direnetan, ez eraman gure hondakinak erraustera”.

Azkenik, erraustegia kudeatuko duen enpresarekin sinatu duten kontratua erakusteko eskatu diote berriz ere Markel Olano ahaldun nagusiari.