“Zaldibar Argitu, ereduaren agortzea agerian” izenburuko manifestuan, “trantsizio energetiko, ekologiko eta soziala” aldarrikatu dute. “Hori egin ezean, Zaldibar berriak etor litezke”, diote.
Ingurumena kudeatzeko indarrean dagoen eredua agortuta dagoela erakutsi du Zaldibarrek eta hondakinen produkzio masiboa sortzen duen bizi-eredua kaltegarria dela. “Premiazkoa da aldarrikatzea osasun publikoari eta herritarron bizi-kalitateari modu zuzenean eragiten dieten esparruak kontrol publiko zorrotz eta arduratsuaren begiradapean behar dutela egon”, dio manifestuak.
Une egokia da trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialaren inguruan kolektiboki eztabaidatzeko eta helburu horrekin bide-orri bati ekiteko, “hondakinek behar duten trataera zuzen eta zentzuzkoa barne”. Oinarriak eraldatu ezean, Zaldibarren moduko gertaerak errepikatzeko aukera estukturala ez baita ezabatuko, ohartarazi dute.
Akademia eta kultur arloko 84 izenen artean daude, besteak beste, Laura Mintegi, Mario Zubiaga, Eider Rodriguez, Igor Elortza, Mari Luz Esteban, Joan Mari Torrealdai, Jule Goikoetxea, Idurre Eskisabel edota Eñaut Elorrieta.