argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa ikertzeko Legebiltzarrean batzorde berezia osatzea proposatu dute
  • EH Bilduk egin du proposamena, Zaldibarko hondamendia eta ardura politikoak argitzeko Eusko Legebiltzarrak eskura dituen baliabide guztiak erabili behar dituela adieraziz. “Inork ezkutatzeko ezer ez badu, ikerketa batzordea osatzearen alde agertu beharko lukete talde parlamentario guztiek”.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 29a
Luis Jauregialtzo / Foku

Zaldibarko auzia zabalik dago epaitegietan, eta EH Bilduko parlamentari Mikel Oteroren esanetan, Legebiltzarrak ere badu zer egin gertaturikoa argitzeko. “Garrantzitsua da hondamendiaren aurretik Jaurlaritzak zabortegian egindako kudeaketa egokia izan den aztertzea, garrantzitsua da hondamendia gertatu eta lehen ordu eta egunetan erantzuna egokia izan zen aztertzea, eta garrantzitsua da ostean hartu diren erabakiak egokiak izan diren ala ez aztertzea”.

Batzordeak hiru helburu izango lituzke: Zaldibarren gertatutakoa argitzea, erantzukizun politikoak zehaztea eta, etorkizunari begira, hondakinak kudeatzeko politikarako irakaspenak ateratzea.

“Hondamendi honen ondorioak oraindik konpondu gabe daude”

“Zaldibarko hondamendia, tragedia humano bat izateaz gain, Euskal Herriko ingurumen hondamendi handienetarikoa izan dugu, aire, ur eta lurraren kalitatean eta pertsonen osasunarengan eragina izan duena, eta hondamendi honen ondorioak oraindik konpondu gabe daude, ehunka mila tona zabor arriskutsuren azken helmuga oraindik argitu gabe dago”, gehitu du Oterok.