argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du
  • Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 03a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak berak eman du berria asteartean. Jaurlaritzak ekainean eskatu zuen zabortegiaren egonkortasunaren inguruko txostena. Horren arabera, Tapiak azaldu duenez, epe laburrean ez dago amiltzeko arriskurik, baina zigilatu ezean, euri ura sartu ahala arriskua handitzen joango litzateke. Jaurlaritzak ekainean txostena egitea eta orain zigilatze lanak burutzea eskatu dio enpresari –administratzaile judizial baten eskutan dago orain–, baina, salatu du Tapiak, “enpresak ez du bere lana egin, eta horregatik hartu behar izan du ardura Jaurlaritzak”.

750.000 euroko aurrekontua dute iragarritako lanek, bi zeregin nagusitan banatzen direnak: lehenbizi, lurrak trinkotu; ondoren, geruza iragazgaitz bat ezarri. Konponbidea behin-behinekoa dela onartu du Tapiak, bospasei” urterako, baina ziurtatu du ere “berme osoa” duela. Behin betiko zigilatzeaz ez du argibiderik eman.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak adierazpenak egin ditu auziaz. Batetik, poza agertu du Jaurlaritzak subsidiarioki egonkortze lanak egiteagatik. Bestetik, EAJ eta PSE gobernukideen jarrera kritikatu du, gogoratuz proposamen hori bera egin zuela EH Bilduk ekainean legebiltzarrean, eta bi alderdiek aurka egin zutela "alarmismoa" egotzita.

Jaurlaritzaren lan subsidiarioa

Jaurlaritzak hainbat aldiz hartu ditu bere bizkar Verter Recycling enpresaren ardura liratekeen lanak. 2020ko otsailean zabortegia amildu eta egun gutxira ingurunea egonkortzeko lanak Jaurlaritzak egin zituen. 30 milioi euro gastatu zituen Jaurlaritzak orduan, eta epaitegietan erabakiko da azkenean diru hori Jaurlaritzak edo enpresak ordaintzen duen. Jaurlaritzak burutu zituen ere zaborpean hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquín Beltránen gorpuen bilaketa lanak. Asteartean iragarritako lan berriei dagokienez, enpresaren aurkako zigor txostena abiatuko dutela iragarri du Tapiak.