argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko zabortegian hildako Beltran eta Sololuze omenduko dituzte igandean, hondamendiaren bosgarren urtemugan
  • Zaldibar Argitu ekimenak adierazi du "gogaituta" dagoela instrukzio fasearen iraupenarekin, bost urte igarota, oraindik ez baitira kaleratu auziaren ondorioak.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 04a
Zaldibarko zabortegia, Eitzagatik Anboto.org (CC BY-SA 3.0)

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratuko dituzte igandean Zaldibarren, zabortegiaren hondamendiaren bosgarren urtemuga izanik. Eitzagan egingo dute omenaldia, 12:30ean, Zaldibar Argitu ekimenak deituta. Bost urte igaro ondoren, oraindik instrukzio fasean dago auzi nagusia: "Zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak kaleratzeko?", galdetu du herri ekimenak.

Zaldibar Argituren arabera, hondamendia "enpresarien diru goseak" ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren "kontrol urriak" ere eragin zuen, enpresariek egin zituzten "astakeria" guztiak ahalbidetu zituelako. Urte erdiro luzatzen ari da instrukzioa: azkena azaroan izan zenez, maiatzera arte iraungo du.

2023ko ekainean argitaratu zenez, hamahiru lagun auzipeturik ziren jada: esaterako, zabortegiaren jabe zen Verter Recycling enpresaren arduradunak. Alberto Sololuze eibartarraren gorpuzkiak 2020ko abuztuan aurkitu zituzten zabortegian; hondamendiaren beste biktimarenak, Joaquin Beltranenak, ordea, ez zituzten bilatu eta bilaketa amaitutzat eman zuten 2021eko maiatzean.