Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak tramiterako onartu du Zaldibar Argitu plataformak eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteak aurkezturiko eskaera: zabortegian gertaturikoa eta egindako hondakinen gestioa ikertuko dute.
Europako Batzordeak eta Ingurumen eta Enplegu Batzordeak arduratuko dira Zaldibarko afera ikertzeaz. Informazioa jaso, gertaturikoa ikertu eta gaiaren gainean ondorioztatzen dutena azaldu beharko dute datorren urtarrilaren 21a baino lehen.
Zaldibar Argitu eta Ekologistak Martxanen eskaerak dio bereziki ikertzeko “hondakinak isurtzeari eta zabortegiak kudeatzeari lotuta egin ziren arau-hausteak”.
Gasteizko Legebiltzarrean ere gaiaren inguruko ikerketa batzordea eskatu zuen EH Bilduk, baina atzera bota zuten EAJ eta PSEk.