Verter Recycling 2002 enpresaren sortzaile eta jabe Jose Ignacio Barinaga, enpresaren kudeatzaile (eta Barinagaren iloba) Arrate Bilbao eta azpiegituraren injeniari Juan Etxebarria eguerdian eraman dituzte epailearen aurrera. Berria-k jakinarazi duenez, ez dute deklaraziorik egin epaitegian, ezta aurretik ere poliziaren aurrean. Uztailaren 21ean atxilotu zituen Ertzaintzak eta Eibarko polizia etxean egon dira geroztik. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan du Zaldibarko kasua aztertzen ari diren Durangoko eta Eibarko epaitegiek ez dutela halakorik agindu eta Durangoko epaileak esan du "polizia operazio hutsa" izan dela hauen atxiloketa.
Bi auzitegi ari dira ikertzen ea Zaldibarren otsailaren 6an erori zen zabortegian deliturik izan ote zen. Bi langile azpian harrapatu zituen 1,5 milioi tonako zabor-jauziak eta autopistaraino erori zen; hurrengo astean hasi ziren ikerketetan epaitegiak: Durangoko epaitegia ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da. Hasiera batean atxiloketei buruz zabaldu zen informazioak adierazten zuen bertako epaileak agindu zituela atxiloketak, baina hori gezurtatuz oharra zabaldu du Durangoko Instrukzio Epaitegiko eta lehen auzialdiko epaileak: "Polizia-eremuan soilik sartzen den operazioa da. Gertakariak argitzeko instrukzio eginbideak egitea erabaki duen epaitegi honek ez du atxilotzeko agindurik eman", esan du.
Zaldibarko zabor-jauziari lotutako bigarren auzia Eibarko epaitegia ari da aurrera eramaten: langileen eta pertsonen kontrako deliturik egin ote den ikertzen ari da.
"Zuzenbidearen aurka eta beraz, legez kanpo" atxilotu dituztela salatu du Verter Recycling 2002 enpresak: "Ez dago jarduketa hori ebazten duen auto judizialik, eta poliziak berak enpresaren legezko ordezkariei baieztatu die erabakia berea dela, ez Epaitegiarena".
Eitb hedabide publikoak jaso du Segurtasun Sailaren azalpena: "Zaldibarko zabortegiko lerradurari buruzko ikerketak egiten ari den Ertzaintzako Polizia Judizialak ikerketaren aurrerapenen berri eman zien Epaitegi eskudunei eta Fiskaltzei, eta ikertutako ustezko delituen ustezko egileak atxilotzea proposatu zuen". (...) "Atxilotu egin zituzten, eta epaitegi eskudunek eta Ministerio Fiskalak horren berri izan zuten, pertsona atxilotuak Eibarko ertzain-etxera eramateko baimena eman baitzuten, bai eta beharrezko miaketak egin ere".
Jokin Bergara Zaldibar Argitu plataformako kideak adierazpen hauek egin ditu Euskadi Irratian: (Atxiloketena) "albiste ona da. Sei hilabete igaro dira zabortegia behera etorri zenetik, berandu da, baina badirudi zerbait mugitzen ari dela. Azpimarratu nahi dugu, hala ere, erantzukizun pribatuak ez ezik politikoak ere badaudela, eta horietan ez dela eman urratsik txikiena ere". Iñaki Arriola jarduneko Ingurumen sailburua ezin dela negoziatzen ari den Eusko Jaurlaritza berriko kide izan azpimarratu du.