Espainiako Osasun ministroak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari gutuna igorri dio, Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden bi langileen bilaketa lanek jarraitu dezaketela adieraziz.
Hala argitaratu du Europa Press berri agentziak. Espainiako Gobernuak, gainera, “erabateko babesa” adierazi die Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertutako langileen familiei.
Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia eta geroztik bi langileen gorpuak aurkitu ezinda aritu dira erreskate-lanetan aritu diren taldeak. Aste honetan Covid-19 gaixotasunaren hedapena eragozteko funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak etetea erabaki du Espainiako Gobernuak eta erabaki hori ezagutu ondoren, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak Espainiako Gobernuarekin kontaktatu zuen, bi langileen bilaketak aurrera jarraitu ote zezakeen jakiteko.
Moncloak baietz erantzun du, ezinbesteko jarduerak bakarrik mantenduko direla dioen dekretuak babes zibileko lanak eta hondakinen kudeaketarekin lotutakoak salbuespentzat jotzen dituelako. Erreskate-lanek, beraz, ohiko erritmoan jarraitu ahal izango dute, Espainiako Gobernuaren konfirmazioa jaso ondoren.
Informaziorik ez Jaurlaritzaren aldetik
Espainiako Gobernuaren erantzuna ezagutu den egun berean, Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu du Jaurlaritza ez dela bidaltzen ari Zaldibarko zabortegi inkontrolatuaren kasuarekin lotutako dokumentazioa. Sare sozialen bidez, Estarronak adierazi du Jaurlaritzak ez dituela bete legebiltzarrak Zaldibarko kasuaz informatzeko ezarritako epeak eta beste hainbeste gertatzen ari dela Covid-19rekin lotuta ere.
Jaurlaritzari galderak egiteko edo informazioa eskatzeko aukera mantendu egiten da EAEko legebiltzarra desegin eta diputazio iraunkorra indarrean dagoenean ere. Estarronaren arabera, martxoaren 26a baino lehen erantzun behar zituen EAJren eta PSEren artean osatutako gobernuak legebiltzarreko taldeek egindako sei galdera, baina bakarrari erantzun diote, ondare kulturalarekin lotutakoa.
Martxoaren 18rako, PPk eskatuta, Arriolak zuzentzen duen Ingurumen sailak Verter Recycling enpresari buruzko txosten eta espediente ugari entregatu behar zuen, baina oraindik ez du egin. Bestalde, joan den ostegunean amaitu zen epea beste lau informazio-eskariri erantzuteko, tartean Zaldibarko zabortegi inkontrolatua kudeatzen zuen enpresari buruzkoak eta inguruko airearen kalitatearen ingurukoak besteak beste.