argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko hondamendia: diru publikotik 7,3 milioi euro Jaurlaritzak hautatutako enpresa pribatuetara
  • Zaldibarko zabor-jauziari erantzuteko, diru publikotik 7,3 milioi euro gastatu dira "presazko prozedura bidez" enpresa pribatuei egindako kontratazioetan. Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eman du datu honen berri apirilaren 29an.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko apirilaren 30

Jaurlaritzaren webgunean dago kontratazio pribatuei buruzko zifra honen berri, baina ez du zehazten zein enpresa izan diren kontratatuak, zein lanetarako, eta bakoitzarekin zein aurrekontuko kontratazioa lotu den.

Verter Recycling enpresak zabortegia legez kanpo kudeatu izanaren ondorioz, otsailaren 6an zabor masa izugarria behera erori zen, kutsadura kalte larriak eraginez eta bi langile azpian harrapatuz. Negozioaren irabaziak enpresa pribatuarenak izanik ere, istripuari erantzuteko ardura Ingurumen sailak hartu du hasieratik bere gain, nahiz eta sail honek adierazi duen Verter Recycling enpresak ordainduko dituela gastu hauek ondoren.

Zertan gastatuko dira 7,3 milioi euro hauek?

Jaurlaritzak emandako datuen arabera, partida nagusia —5,8 milioi euro— indusketa eta lur-berdinketako lanetan, makinetan, bitarteko osagarrietan, agregakinetan eta geosintetikotan, eta hondakinen andela martxan ipintzeko lanetan erabiltzen ari dira. Larrialdi egoerak eskatuta, "presazko prozedura bidez" kontratatu dira eraikuntza enpresa hauek (Eitzaga UTEa tartean), beraz, ez da denborarik egon lehiaketa publikoa egiteko eta Jaurlaritzak zuzenean hautatutako enpresak dira.

Zabortegien kudeaketan adituen laguntza tekniko handia kontratatu dute, baita ere: laguntza tekniko geologikoko zerbitzuak kontratatu dituzte suteak ebaluatzeko eta kontrolatzeko eta, ondoren, itzaltzeko; zabortegiko gasen sorrera modelizatzeko eta, egonkortu ondoren, isurketa-masa desgasifikatzeko; lurpeko uren kontrol-sarea diseinatzeko, putzu bat eraikitzeko, zabortegiko kanalizazioak ikuskatzeko eta lixibiatuak xurgatzeko; zabortegiaren inguruko herrietako airearen kalitatea analizatzeko eta ingurumeneko laginak hartzeko; eta geofisikako azterketak gauzatzeko eta hondakin-laginak karakterizatzeko, beste hainbat eginkizunen artean.

Zenbat diru kostako zaie EAEko herritarrei hondamendi ekologikoa?

Ez dirudi Zaldibarko zabor-jauziak Eusko Jaurlaritzaren hondakin kudeaketa ereduan aldaketarik ekarri duenik. Hori pentsatzeko bide ematen dute, behintzat, Jaurlaritzak ateratako hondakinei buruzko Aginduak ezer berririk proposatu ez (artikulu honetan dago hori azaldua) eta erraustegiaren politika indartzen duela, eta Azkoitian ezarri nahi duten hondakin plantak Larke enpresa pribatuaren esku jarri nahi duela berriz ere hondakin bolumen oso handia hartuko duen kudeaketa.

Baina Zaldibarko kasuak agerian jarri du kudeaketa eredu hau arrisku handikoa dela, bai osasun aldetik (bi langile daude oraindik desagertuak eta inguruko herritarrek ke toxikoa arnastu behar izan dute hainbat egunetan), bai ingurumenean (errekak, airea eta lurrak kutsatu dira), bai ekonomikoki.

7,3 milioi euro horiek azpikontratatutako enpresek istripu honekin ere negozio eginda eramango duten aurrekontua da, baina beste zenbat diru publiko bideratu da batez ere lehen egunetako erreskate eta sua itzaltzeko lanetan? Zenbat da egun horietako su-hiltzaile, ertzain, osasun langile eta gainerakoen kostua?