argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko hondamendiaren urteurrenagatik igandean manifestazioa egingo dute Ermuan
  • Luiziaren ondorioz hildako Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze oroitzeaz gain, Zaldibar Argitu plataformak otsailaren 6a baliatuko du Eusko Jaurlaritzari erantzukizunak bere gain har ditzan eskatzeko.

Leire Artola Arin 2022ko otsailaren 02a
Otsailaren 6an beteko dira bi urte Zaldibarko zabortegia amildu zela. / Argazkia: @ZaldibarArgitu

“Ez zen istripua izan, hilketa baizik”, gogorarazi dute Zaldibar Argitu plataformatik, hondamendiaren urteurreneko manifestazioaren aurkezpenean. Igande honetan, otsailaren 6an, bi urte beteko dira Zaldibar zabortegian bi langile luizi batek harrapatuta hil zirela; Beltranen gorpuak bertan dirau, bilatze lanak gelditu baitzituen Eusko Jaurlaritzak. Sololuze eta Beltran oroitzeko manifestazioa antolatu dute Zaldibar Argituk, Ekologistak Martxanek, Larreko Mahaiak eta Aldaketaldiak; 12:00etan abiatuko dira Ermuko plazatik, eta ekitaldi batekin amaituko dute, zabortegia dagoen Eitzaga auzoan.

Halaber, aldarrikapen eguna izango da, “zigorgabetasunaren aurrean ekintzak” exijitzekoa. Eusko Jaurlaritzari ardurak eta erantzukizunak beren gain hartzeko eskatuko diote. Izan ere, zabortegia amiltzearen ondorioz bi langileak hiltzeaz gain Eitzaga auzoko herritarrak ere kaltetu ziren, zabortegiak igorritako kutsadura dela-eta. Plataformako kideek oroitarazi dutenez, auzokideek osasun azterketak egiteko eskatu zuten, baina Jaurlaritzak nahiz Zaldibarko Udalak ukatu egin zieten.

Jaurlaritzak hondamendiaren aurrean izan duen jarrera salatu dute, baita gertaerak argitzeko oztopoak jarri izana ere. Azken adibidea aipatu dute: Europako Parlamentuko Eskarien Batzordeak urtarrilaren 27an aho batez erabaki zuen zabortegiaren ikerketarekin segitzea, eta horretarako informazioa emateko galdegin zieten Jaurlaritzari zein Europako Batzordeari. Gasteizko Legebiltzarrak, aldiz, uko egin zion ikerketa batzorde bat eratzeari.

Manifestazioaren antolatzaileek nabarmendu dute Espainiako Gobernuko Cedex esperimentu zentroko peritu txostenak erakutsi duela luizia saihestu zitekeela. Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan hainbat akats egin zirela azpimarratu dute.

Desazkundea eta trantsizio ekosoziala

Zabortegiko amiltzearen ondorioak mahai gainera ateratzeaz gain, beste eskaera bat ere egin dute Aldaketaldia-ren baitan, eta trantsizio ekosozialaren premia nabarmendu: “Euskal Herriko desazkunde justurako 2030erako txoke plana onartzeko eskatzen dugu”. Horrez gain, Tapia Legearen kontra agertu dira, eta herritarren erabakitzeko gaitasunaren “erasotzat” jo dute.