argia.eus
INPRIMATU
Zaldibarko hondamendiaren auzian Herri Akusazioa aurkeztuko dute
  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu plataformak “kalean erakutsitako kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia” dela azaldu dute. Erantzukizun “zehatzak” argitzea eskatuko dute herri akusazioan.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 06a
Durangoko epaitegi aurrean iragarri dute herri akusazioa aurkeztuko dutela snidikatu eta eragileek (arg.: LAB)

Durangoko epaitegi aurrean astelehenean egindako prentsaurrekoan, sindikatu eta eragile ugari biltzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (EHESK) eta Zaldibar Argitu plataformak iragarri dute herri akusazio bezala aurkeztuko direla Zaldibarko zabortegiaren hondamendia ikertzeko abiatu den auzian.

Auzibideak bi adar ditu, bata luiziari eta horren inguruko kudeaketari eragiten diona, eta bestea Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren heriotza ikertzen duena. Durangoko epaitegiak zabaldu du Verter Recycling-en kontrako prozedura, baina herri akusazioaren bultzatzaileen ustez, enpresaren jabeek duten arduraz gain, erakunde publikoek egindako “kudeaketa negargarria” ere ikertu beharko litzateke, beren esanetan “eskuak garbitu nahian” baitabiltza.

“Uste dugu, herri konpromisoagatik eta gertaeraren larritasunagatik, herritarron ahotsa epaiketan presente egon behar dela, interes orokorraren alde egingo duen begirada batetik”, azaldu dute Durangoko agerraldian. Erantzukizun “zehatzak” argitzea eta informazio “gardena” izatea ezinbestekotzat dute eta horregatik joko dute epaitegietara.

Epaiketak izango dituen gastuei aurre egiteko diru bilketa kanpaina hasiko dute EHESK-k eta Zaldibar Argituk.

Zortzi hilabete

Astearte honetan bete dira zortzi hilabete Zaldibarko zabortegia behera erori eta bi langile bertan harrapatu zituela. Alberto Sololuzeren gorpua duela aste batzuk aurkitu zuten, baina Joaquin Beltranen arrastorik oraindik ez da agertu.

Ostegun honetan Zallan, Beltranen herrian, elkarretaratze “bateratua” egingo dute “nahikoa dela esateko eta bertatik lehenbailehen atera dezatela eskatzeko”