Hondamenditik hiru urte bete direnean prentsaren aurrean aitortu du Tapia sailburuak "ikuskapen teknikoak" egiten ari direla, zabortegia "egonkor eta seguru" dagoela, baina oraindik ez dela zigilatuko horretarako baimena eduki arren. Izan ere, Verter Recycling-ek ez du, antza, horretarako borondaterik.
Verter Recycling enpresak kudeatzen zuen Zaldibargo zabortegia, baina 2020ko otsailaren 6an, hondamendia gertatu zenean, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen krisia kudeatzeko ardura. "Ingurumen eta osasun kalteak ez areagotzeko", Arantxa Tapia Ingurumen sailburuaren arabera, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen bilaketa abiatzeko.
Prozesu eta lanek guztira 28 milioi euroko gastua ekarri diote Eusko Jaurlaritzari, eta oraindik enpresari ardura ekonomikoak eskatzen dizkio Tapiak. Urtarrilean iraungi da enpresak "borondatez" ordainketa egiteko epea, baina ez da halakorik egin; orain, Ogasun Sailak kudeatuko du gaia eta "bide legal guztiak urratzeko" konpromisoa adierazi du Jaurlaritzak, enpresak ordainketa egin dezan.
Verter Recycling enpresak hondoa jo zuen ekonomikoki eta likidazio prozesuan sartua dago; hori argudiatzen du ordainketa ez egiteko.
Jaurlaritzak zigortu zuen lehenago
Ertzaintzaren txosten batek dio, azken egunetan hedabideetan publiko egin denez, enpresak "baimenik eskatu gabe" erabiltzen zuela 60.000 metro karratu baino gehiagoko lur-eremua. Jaurlaritzak ez du ezagutzen Ertzaintzaren txostenak zein xehetasun ematen dituen, auzitegian dagoelako, baina Tapia sailburuak baieztatu du jakitun dela "lurrak metatzeko azalera" hartu zuela enpresak "Jaurlaritzari inolako baimenik eskatu gabe". 2019ko ekainean izan zen hori, Tapiak oroitu duenez.
Zigorra ezartzeko prozedura administratiboa abiatu zuen Ingurumen Sailak; handik zortzi hilabetera erori zen zabortegia.