argia.eus
INPRIMATU
Beltrán eta Sololuze oroitu dituzte Zaldibargo hondamendiaren bosgarren urteurrenean
  • Bi langileak oroitzeaz gain erantzukizunak eskatu dituzte, Zaldibar Argituk igandean Eitzagan eginiko ekitaldian. Justiziaren mantsotasuna salatu dute, sumarioa oraindik instrukzio fasean dagoelako.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 10
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren memorian EITB

Otsailaren 6an bost urte bete ziren Zaldibargo zabortegian luizia gertatu zela. Hondakinek AP-8 blokeatu eta Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze hil zituzten. Gertatutakoaren memoria egin eta erantzukizunak behin betikoz argitzeko elkartu ziren 300 pertsona inguru igandean, Eitzagan.

Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformaren ordezkariak gogorarazi du ekimen herritarrak hasiera-hasieratik eskatu zuela erantzukizunak argitzea, eta salatu du haiek izandako bizkortasuna ez dutela bere egin epaitegiek, sumarioaren instrukzioak abian jarraitzen baitu.

Ikerketa irekia bost urteren ostean

2021. urtean jarri zuen Durangoko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak ikerketa martxan, eta irekita jarraitzen du. Ikertuen artean, Verter Recycling enpresaren jabea, Jose Ignacio Barinaga; gerentea, Maria Arrate Bilbao eta ingeneriari burua, Elosegui Etxeberria daude. Baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio taldeko bi teknikari, Lurtek aholkularitza-enpresako bi geologo eta Geyser enpresako bost tekniko.

Verter Recycling enpresako jabeek sei hilabetetako kartzela eta ahozko epaiketa saihestea lortu zuten, kalte-ordainen inguruko akordio baten bidez. Hondamendiaren ostean Verter Recycling enpresak ez zituen inguruaren egonkortze-kostuak ordaindu, ezta langileen erreskaterako gastuak ere.

Jaurlaritzari dagokionez, erantzukizunik ez hartzea leporatu dio Zabartek, eta hondamendia gertatu zen momentuan boterea eta erabakitzeko gaitasuna zuten pertsonak eszena politikotik desagertu direla. Gauzak horrela, Zabortegiaren egungo egoeraz informazioa ematea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "informazio ofizial falta" dagoelako. Hala ere, itxaropen handirikez dutela diote, Jaurlaritzak ez baitu informazioa "errazteko eta publiko egiteko" jarrera izan.